Zientzialari eta ikerlari gazteen plaza

uriola.eus 2016ko aza. 11a, 08:00
Argazkia: Zientzia-hezkuntza ‏@zientziahezk

Larunbatean, Plaza Barrian, ehun proiektu zientifiko eta teknologiko inguru aurkeztuko dituzte 2016ko Zientzia Azokan zientzialari eta ikerlari gazteek, Elhuyarrek antolatutako ekimenean. 

Egitarau bete-betearekin dator aurtengo Zientzia Azoka. Eguerdiko 12tan hasi eta iluntzeko 8ak arte, ikertzaile gazteek ikasturtean landutako ikerketa-proiektuak eta proiektu teknologikoak erakutsiko dituzte Plaza Barrian. Hala, 12-18 urteko gazteen ia ehun talde eta haien lanak izango dira protagonistak.

Horrekin batera, zientzia-espektakuluekin eta esperimentuekin gozatzeko aukera izango dute bertaratzen diren guztiek. Amaieran, egindako lanaren aitortza jasoko dute; besteak beste, talde batzuek Espainiako zein atzerriko beste azoka batzuetara joateko aukera izango dute.

Plaza Barrian ikusi ahalko diren lanen artean, 21 lan osasunari lotuta egongo dira, 25 lan ingurumenari eta ekologiari lotuta, 22 lan ingeniaritzei eta teknologiari lotuta, 9 taldek energiarekin zerikusia duen lan bat egin dute, eta gizarte-zientzietan ikertu nahi izan duten zazpi talde aurkeztuko dira Zientzia Azokan.

Aipatzekoa da Zientzia Azoka, Elhuyarrek antolatzen badu ere, Euskal Herriko Zientzia eta Teknologia Sarearekin elkarlanean egiten dela. Hain zuzen, UPV/EHUko, Nafarroako Unibertsitate Publikoko, Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoko, eta Deustotech-eko ikertzaileen laguntza jasotzen dutela gazteek haien lana egiteko. 

Eta, ondoren, gazteen zientzia-bizipenak luzatzen jarraitzeko, mundu profesional horretan diharduten Euskaltelek, Iberdrolak, Visiontech4Life kontsortzioak, Tecnalia Korporazio Teknologikoak, IK4 zentro teknologikoen aliantzak eta TZBZ-ek haiekin batera egonaldiak egiteko aukera emango dieta gazteei.

Gazteengan zientziaren eta teknologiaren arloetako gaitasunak lantzea, bokazioak piztea eta zientzia- eta teknologia-alorreko pertsonak gazteei hurbiltzea dira ekimenaren helburu nagusiak, eta erakunde hauek finantzatzen dute: Bilboko Udalak, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak, Iberdrolak, Euskaltelek, Visiontech4Life kontsortzioak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta FECYT erakundeak (Zientzia eta Teknologiarako Espainiako Fundazioa).

Babes horren erakusgarri, Zientzia Azokaren babesle eta kolaboratzaile guztiak egon dira gaurko aurkezpenean: Nerea Enbeitia (Euskaltelen Harreman Publikoen Arduraduna) Francisco Olarreaga Tellechea (Iberdrolaren ordezkaritza instituzionala, EAEn), José Pablo Ormaetxea (Visiontech4Life kontsortzioa), Gorka Artola Beobide (UPV/EHUko Unibertsitate-Enpresa harremanetarako errekoterordea), Miren Nekane Errasti Lozares (Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoko Koordinatzaile Akademikoa), Antonio Bardasco (Tecnalia), Juan Otegi (IK4ko komunikazio-arduraduna) eta Xabier Díaz Silvestre (BTEKeko Zuzendaria).

Zientzia Azokaren irekieran ere elkartuko dira, larunbatean 12:00etan.

zientzia-azoka.elhuyar.eus