'Bibliotecan', umeen artean irakurzaletasuna sustatzeko tresna

uriola.eus 2016ko aza. 23a, 09:00

Udalaren umeen aisialdirako Haurgune programak 'Bibliotecan' jarduera antolatu du Begoñako Udaltegian, irakurzaletasuna eta ahozko adierazpena terapiako txakurrekin sustatzeko jarduera.

Barruti horretako Udaltegiko Haurgune programako jardueretan parte hartzen duten umeek ipuin kontalarien lanbidea zer den ikasiko dute; baita istorioak kontatzen eta irakurtzen ere bmodu harrigarri eta berritzaile baten bidez: terapiako txakur batekin.

Jarduera honen bitartez, irakurzaletasuna sustatu nahi dute eskolako eremutik kanpo, eta entrenatutako txakurra da jardueraren ardatz nagusia.

Haurgune

Udalaren Haurgune programa 5 eta 8 urte bitarteko umeei zuzendua dago. Aisialdiko espazio horiek Begoña, Irala, Otxarkoaga, Deustu, Zorrotza eta Castañoseko Udaltegietan eta Zazpi Kaleetako lokal batean daude, eta astelehenetik ostegunera daude zabalik, 17:30etik 19:30etara bitartean.

Umeentzako programa honekin Udalak bi helburu dauzka: alde batetik, parte hartzaileek lagun berriak egitea, elkarbizitzarako trebetasunak ikastea eta eskolatik irtetean edo asteburuetan aisialdiaz gozatzea; eta bestetik, parte hartzen duten familiek lana eta aisialdia uztartu ahal izatea.

2016/2017 ikasturteko gai nagusia: lanbideak

Urrian, haurguneetako umeek artisautzako lanbideak ezagutu zituzten: okintza, buztingintza, zapatagintza, ebanisteria… eta azaroan lanbide artistikoak landuko dituzte: ilusionismoa, lore-diseinua, ipuinkontalaritza, eleberrigintza grafikoa…

Datozen hileetan hauek izango dira gaiak:

• Neguko lanbideak: ikazkintza, elur kentzea (abendua).

• Lanbide bereziak: kiroletako animaliak, gominola dastatzailea, txikleen limatzailea, bideo-jokoen probatzailea… (urtarrila).

• Hezkuntzari lotutako lanbideak: bideko hezitzailea, hizkuntza-irakaslea, autoeskolako irakaslea… (otsaila).

• Osasunaren arloko lanbideak: medikua, barreterapeuta, dietista.. (martxoa).

• Lanbide arriskutsuak: suhiltzailea, ingeniari kimikoa, makineria astuneko gidaria, pilotua…(apirila).

• Lanbide tradizionalak: nekazaria, zorrotzailea, sendalaria… (maiatza).

• Etorkizuneko lanbideak: parte-hartzaile bakoitzak etorkizuneko bere lanbidea asmatu behar du (ekaina).