Egonkortu den proiektua da berbalagunena? Geroz eta errazago jotzen du jendeak euskaraz mintzapraktika egiteko talde hauetara?
Bai, jendeak euskaraz hitz egiteko berbalagun taldeetan parte hartzeko eskaria egiten digu. Berbalagun egitasmoak bere bezeroak dauzka, geroz eta gehiago dira gainera. Sarritan gure arazoa jende guzti hori taldeetan kokatzea da, talde asko gainezka daudelako. Gaitasun aldetik justu samar gabiltza, jendetza delako. Hazi nahi dugu, baina ezin dugu gehiegi hazi. Bilboko taldeen dinamitzaile bakarra ni naiz, elkarteen laguntza ere badudan arren.
Bilboko berbalagun taldeak sare berean bildu dira. Baduzue Udalaren laguntzarik?
Lan handia egin dugu berbalagun taldeak batzen, ganorazko sare bat muntatu asmoz Asapala euskara elkarteak, Berbaizu euskara elkarteak, Palanka euskara elkarteak eta Bilboko AEK-k. Tiraka jardun dugu koordinazio lanean. Egitura handia izatea lortu dugu, baina finantziazioa falta dugu. Orain arte Udalaren diru-laguntza oso txikia izan da, eta AEK izan da bete lana egin duena. Lortu dugu talde gehienak batzea eta Bilboko berbalagunen sarea sortzea; horren aurrean konpromisoa eskatzen diogu Udalari.
Aurreko ikasturtearekin alderatuz, berbalagun kopuruak behera ala gora egin du?
Kopuru antzekoak dira ikasturte honetan. 50 taldetik gora daude Bilbo osoan eta talde horietan, gutxi gorabehera, 300 bat lagunek parte hartzen dute.
Non dago berbalagun talde gehien?
Talde gehien Mahatserrian daude. Hau da, Santutxu, Txurdinaga, Otxarkoaga, Zurbaran eta Kastañosen. Deustun zazpi-zortzi talde daude. Zazpikaletan ere talde asko daude, Bilbo Zaharrean lauzpabost talde, Indautxun bospasei, Olabeagan talde bat, Zorrotzan hiruzpalau talde, Iralan…
Bilboko auzo guztietara zabaldu dira berbalagun taldeak?
Errekalde da gure hutsune bakarra, aspalditik. Abusun, esaterako, baliteke aurten talderen bat sortzea. Auzoko liburutegietako arduradunekin elkarlanean gabiltza berbalagun taldeak sortu eta zabaltzeko.
Zein beharrizan dute Bilboko berbalagunek? Bidelagunak behar dira?
Bidelagunak beti behar ditugu. Talde guztietan bidelagun bana egotea nahi baitugu; hori da gue erronka. Bospasei falta zaizkigu. ‘Bidelari’ esaten diegu euskara ikasten edo ikasteko prozesuan daudenei eta ‘bidelagun’ prozesuan laguntzen dutenei. Bidelaguna baliteke euskaldun zaharra, osoa, EGAduna, edo euskalduna oro har izatea. Ez da irakaslerik behar taldeetan, baina bai nolabaiteko eredu bat izatea; partaideek eskatzen dute bidelagunaren eredua taldean izatea.
Zelako profila dute berbalagunek?
Mota guztietako profila daukagu. Badira laguntzera datozen boluntarioak. Esaterako, Santutxun orain dela hamar bat urte hasi ziren boluntario batzuk eta oraindik jarraitzen dute. Beste batzuk euskaldunak dira eta, inguruan edo familian ez dutenez euskara erabiltzen, jendea eta euskal ingurunea behar dute dakiten euskara ateratzeko. Badaude beste barik kuadrilla baten bila datozenak, jende berria ezagutzera edo ligatzera datozenak… denetik dago, bizitzan bezala.
Zein adin tartekoak dira berbalagunak?
Nahiko adin tarte altua da, gazte gehiegi ez dago. 35 urtetik gorakoak dira gehienak.
Interesa duenak zer egin behar du berbalagun talde baten sartzeko?
Oso erraza da. Interneten bilatuz gero ‘Bilboko berbalaguna’ aurkituko du gure bloga edo Bilboko Udalaren web gunea, eta hortik ere badago lotura zuzena. Eskuma aldean izena emateko aukera agertzen da. Datuak bete eta nik neuk deituko diet.
Zein baldintza bete behar dute berbalagunek?
Bi gauza eskatzen diegu: batetik, euskararen ezagupen minimo bat izatea, nolabaiteko komunikatzeko gaitasuna izatea, alegia (B1 maila). Bestetik, astean ordubeteko konpromisoa ateratzea mintzapraktika egiteko taldean. Ikasturteka funtzionatzen dugu eta, pentsa, talde batzuk hamar ikasturte daramate elkarrekin. Blogaz gain, Facebook eta telefonoa ere badaude gurekin harremanetan jartzeko; beraz, aurrera!
facebook.com/berbalaguna.bilbo