Atzera egin duten arren, mina eta samina eragin dute herritar askoren artean Sabino Arana, Dolores Ibarruri eta Tomas Zumalakarregiri buruz popularrek esandakoek Bilboko kale-izendegitik euren izenak kentzeko eskarian.
Besteak beste, Dolore Ibarruri buruz Bilboko PPk egindako eskarian aipatzen da "Stalin odoltsua babestea erabaki zuen komunista" izan zela, eta "Gerra Zibilean esku-hartze terriblea izan zuela".
Tomas Zumalakarregi Bilbo hiria "bonbardatu eta sitiatu" zuen jenerala nazien gerrarako hegazkin taldearekin alderatzen dute. "Ez diogu Condor Legioari kale bat eskaini", aipatzen dute eskarian.
Sabino Arana ere hainbat gaitzespenen iturri da. "Abertzaletasun arrazistaren pentsalari zaharkitutzat" jotzen dute, eta Aranaren ideiek "ETA bezalako talde terroristaren existentzia ahalbidetu dutela", gaineratu dute.
Argudio horiek kontutan hartuta, "espiriturik justuenarekin" eskatzen zioten popularrek Bilboko alkateari aipatutako hiru pertsonaren izenak Bilboko kale-izendegitik kentzeko. Urtarrilaren 26ko Bilboko Udalbatzarreko Osoko Bilkuran aurkeztekoa zen proposamena baztertu egin du azkenik PPk. Atzo, iragarri zuen egun berean, eta EAJ Madrilen PPrekin aurrekontuen eztabaidan murgilduta dagoen unean.
Erantzunak
Aitziber Ibaibarriaga EH Bilduko bozeramaileak esan du, popularrei zuzenduz, "haien aurretikoek" 1937an Sabino Aranaren izena kaleetatik kendu zutela. PPk "benetako aurpegia erakutsi du, Europa osoan zehar faxismoaren izugarrikeriak ezeztatu dituztenen talde ultraeskuindarren moduan". Popularren "muturreko jarreraren" aurrean, "osasun-kordoi bat eratzea" proposatu die beste udal taldeei EH Bilduk.
"Onartezina" da Udalberriko Carmen Muñozentzat popularren "lotsagabekeria". Muñozek "DesFACHAtez" hitza erabili du horretarako, tarteko "FACHA" letra handiz idatziz Twitter sare sozialean. "Memoria historikoari eta demokraziaren alde borrokatu zirenei barre egitea eta irain egitea", leporatu die popularrei.
PPren defentsa
Luis Eguiluz PPko bozeramalearen esanetan, proposamenaren asmoa "Memoria Historikoaren Legearen ezarpenari buruz eztabaidatzea zen". Izan ere, otsailaren 1ean Bilboko Udalak Alfonso Churruca, Eusebio Garcia Alonso eta Hermogenes Rojoren izenak ezabatuko ditu kale-izendegitik, eta popularrek eztabaida sortu nahi zuten "gure Historiako izenak ezabatzerako orduan erabiltzen den enbutu eta neurriari buruz".
"Zergatik eutsi Sabino Aranaren edo Zumalakarregi militar karlistaren izenei, adibidez, eta zergatik ezabatu Remigio Vilariño jesuitarena, bere gizartearekiko lanagatik gehiago nabarmendu zenean bere lerrokatzeagatik baino?", galdetzen du Eguiluzek.
Bilboko PPren helburua "kaleen izenak ezabatzeko erabiltzen den neurriaren inguruan hausnarketa egitea" zela adierazi dute popularrek, eta "ez sortu den polemika eragitea". Eguiluzek azaldu duenez, popularrak "inoiz ez dira izan Historia eta Memoriaren Legea borroka armatzat eta bandoen arteko argudiotzat erabiltzearen aldekoak".
PPren bi ohar