Garoñaren behin betiko itxiera eskatzeko elkarretaratzea egingo dute gaur

uriola.eus 2017ko urt. 26a, 07:50

Santa Maria de Garoña zentral nuklearraren "behin betiko itxiera eta eraistea" eskatzeko elkarretaratzea deitu du gaur, osteguna, hainbat erakundek osatzen duten Bizkaiko Garoñaren Kontrako Foroak.

Gaur, urtarrilak 26, Garoñako zentral nuklearra berriz ere martxan ez jartzeko Arauz Besteko Proposamena eztabaidatuko da Eusko Legebiltzarrean, talde sozialistak sustatua. Hainbat erakunde ekologista, gizarte mugimendu, sindikatu, alderdi politiko, bizilagun elkartek eta Bizkaiko Garoñaren Kontrako Foroaz osatutako talde zabal batek proposamen honen aurrean "dezepzioa" agertu dute. Izan ere, "eduki gabekoa" dela irizten diote, eta zentral nuklearra "betirako ixteko premiazkoak diren ekintza zuzenak eta beharrezkoak exijitzen ez direla". 

Estatuko Legebiltzarrean lantzen diren gaien inguruko negoziaketak "pil-pilean" dauden honetan, Santa Maria de Garoñako zentral nuklearraren behin betiko itxiera eta eraistea, negoziaketetan "lehentasunezko eta atzeratu ezinezko puntua" izan dadila eskatu dute foroko ordezkariek, "ekintza erreal eta berehalakoak martxan jarriz". Are gehiago, CSN Espainiako Segurtasun Nuklearrerako Batzordearen zuzendaritza teknikoaren bilera bihar bada ere, El País egunkariak aurreratu duenez, erakunde honek prestatu duen txostena "zentral nuklearra berriz zabaltzearen aldekoa dela jakin dugunean".

Gainera, "zentral nuklear guztien itxiera progresiboa ere" gehitu beharko litzatekeela uste dute, "gainontzeko zentral nuklearrak berriz ere martxan jartzeko baimenak ukatzea, Segurtasun Nuklearreko Kontsailuaren independentzia bermatzea eta zentral nuklearrak barne hartzen ez dituen eredu energetiko berri bat lortzeko lanari ekitea".

Horregatik deitu dute elkarretaratzea egitera Eusko Jaurlaritzak Bilbon duen ordezkaritzan, 10:30ean.

Deitzaileak dira, besteak beste, AAVV de Bilbao CCOO, Eguzki, EH Bildu, Ekologistak Martxan, Energia Gara, ESK, Equo, Ezker Anitza, Foro Contra Garoña de Bizkaia, Goiener, Greenpace, LAB, 15M Bizkaia, PAH, PCPE, Podemos, STEILAS, Sagarrak eta Udalberri.