Ikasle Gazteak enpresetara hurbiltzeko proiektu eta erronka berritzaileak

uriola.eus 2017ko urt. 26a, 08:20

Demola programa jarri du abian Bilbao Ekintzak. Programa horren helbururik behinena gazte ikasleak enpresen mundura hurreratzea da, espezialitate adimentsuarekin eta zerbitzu aurreratuekin lotutako proiektuak bideratuz, Udalak berak etorkizunari begira egindako eta enpresek planteatutako apustuekin bat etorrita.

Atzo hasi zen 'Demola Bilbao' programaren lehenengo edizioa. Xabier Ochandiano Ekonomi Garapen, Merkataritza eta Enpleguko zinegotziaren iritziz, ikasle gazteen enplegagarritasuna hobetzeko eta talentua sustatzeko apustua da. Bestalde, ekimen honen bidez, enpresek garrantzizko gakoak eskuratuko dituzte kulturaren eraldaketa bultzatzeko eta lehiakortasuna indartzeko ideia eta gauzak egiteko modu berrien bidez, guztiak ere ikasle-taldeen ekarpenak izanik.

Enpresak eta ikasleak

11 enpresak euren erronkak botako dizkiete ehunka hautagairen artean aukeratutako 55 ikasleri. Hiru hilabete eta erdiz eta bost kideko lantaldeetan banatuta, unibertsitateko edo goi-mailako heziketa-zikloetako azken kurtsoko ikasleek esperimentazio konkretu, zabal eta azkarraren bidez erantzungo diete aipatutako erronkei. Enpresa bakoitzeko profesionalek gainbegiratuko dute prozesu osoa, talde-lana sistematikoa dela eta aurreikusitako moduan egin ohi dela bermatzeko.

Heziketa-zentro hauetakoak dira ikasleak: Eskurtze BHI, Deustuko Salestarrak, Elorrieta- Erreka Mari LHZI, Tartanga LHZ, Deustuko Unibertsitatea, EHU Sarrikoko Campusa, EHU San Mameseko Campusa, EHU Leioako Campusa, Artxandako Ostalaritza Eskola eta Harrobia LHZ.

Bestalde, hauek dira enpresek planteatutako erronkak:

• Airlan: bezeroentzako tresna digitala sortzea airearen tratamendurako unitateen balio erantsizko ekarpenak, ekipoenak oro har eta kideena aurkezteko eta gailentzeko.

• Argi On: enpresako sailek sortutako informazioa antolatzea, eguneroko lana arintzeko eta sailen arteko komunikazioa hobetzeko.

• Autobuses Blanco: nazioarteko posizionamendua hobetzea eta bezero berriak erakartzea.

• Euskal Produktoreen Elkartea: euskal zinemaren posizionamendua hobetzeko eta ikusle finkoak lortzeko tresnak diseinatzea.

• Gurutze Gorria: itsasoan biziak salbatzeko ontziak lortzea, erreskateko faseei eta itsasoaren egoerei aurre eginda.

• Emtesport: kirola kalera ateratzea zenbait udalerritan.

• Hotel Zenit Bilbao: hotelaren eta bere jatetxearen posizionamendua hobetzea.Idom: adierazleak kategorizatzea, teknologia hobetzea eta aginte-taula sortzea hiri bizitzeko egokiago eta inklusiboagoko diseinatzeko.

• Izoria: banaketa egiteko bideak hobetzea, salmentak areagotzeko.

• Mutualia: joko bat sortzea zibersegurtasunaren arloa bultzatzeko.

• Tourne: bezeroak izan litezkeenei egokitutako ibilbideak diseinatzea eta marketinera aplikatutako teknologia hobetzea.

Nazioarte mailakoa

Demola hitzak "demoak sortzen diren espazioa" esan nahi du; Temperen (Finlandia) eratutako nazioarteko plataforma da, unibertsitateko ikasle-taldeen eta enpresen artean berrikuntza-proiektuak sortzen parte hartzeko. Gaur egun 15etik gora nodo ditu Finlandian, Suedian, Lituanian, Eslovenian, Mexikon eta Namibian.

Azken zortzi urteotan 600 enpresa baino gehiagok jarri dute euren konfiantza Demolan. Ikasleen taldeek sortutako maketak, demoak eta prototipoak parte hartu duten enpresen % 70ek onartu eta eskuratu ditu. Horrez gain, gazteen ia % 20k lan-eskaintza jaso du esperientzia hau garatu duten enpresan.