Haize bolada bortitzek hainbat kalte eragin dituzte Bilbon

uriola.eus 2017ko ots. 13a, 12:00
Haizeak botatako zuhaitza Abusun Arg. Joseba Barandiaran

Asteburuan izandako haize bolada bortitzek kalte ugari eragin dituzte Bilbo eta inguruetan. Bilbon haizea 99 kilometro orduko abiadurara iritsi da, eta Bizkaian suhiltzaileek 45 ateraldi baino gehiago egin behar izan dituzte haizeak botatako zuhaitz eta metalezko xaflak direla eta.

Abusun Ibaieder parkeko zuhaitz bat enborretik apurtu du haizeak. Handik hurbil, Kañuen pasealeku pareko tranbiaren kotxeretako sabaiak kalte handiak jaso ditu. Gaur goizean 08.00ak aldera suhiltzaileak Atxuriko Ibeni Kaira bertaratu dira eraikin bateko teilatuko objektuak ikuskatzera. Mallonan, Santo Domingo de Guzman enparantzan, haizeak zuhaitz bat bota du goizeko 02.00ak aldera. Hain zuzen ere, ehun urtetik gora zituen gaztainondo honen inguruan eztabaida piztuta zegoen auzoan, erortzeko arriskuan zegoela argudiatuz moztu nahi zutenen eta bere balio historikoagatik babestu nahi zutenen artean.

Errepideetan ere hainbat arazo izan dira haizeak botatako zuhaitzen ondorioz. Besteak beste BI-3732 errepidean, Santo Domingo-Egirletan, zuhaitz bat jausi da bart. Bestalde, haize bolada bortitzak zirela eta, goizean Parisetik zetorren hegaldi bat Biarritzera desbideratu behar izan dute.

Goizeko 06.00etan alerta laranja horira murriztu du Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak. Arratsalderako haizeak indarra galdu eta gauean hego-mendebaldeko haizea ibiliko da, Euskalmetek jakinarazi duenez.