Bizkaiko Taldekako Bertsolari txapelketa abian da

uriola.eus 2017ko ots. 13a, 10:25
Bizkaiko Taldekakoaren irudia. Ilustratzailea: Malen Amenabar

Bizkaiko Bertsozale Elkarteak antolatuta, gaur hasi da Bizkaiko Taldekako Txapelketa, ekainaren 3ra arte iraungo duena. Orotara eskualde guztietako 30 taldek eman dute izena lehiaketan, horietako bi bilbotarrak direlarik.

Bizkaiko bertsolaritzaren oinarria indartu eta motibatzeko helburuarekin sortu da Bizkaiko Taldekakoa. Bertsolari hasi berriei plazarako bidea erraztu eta ohiko Bizkaiko Txapelketaz gain beste aukera bat eskaini nahi diete. Bestalde, eskualdeen arteko harremanak sendotu eta antolatzaile, epaile eta gai-jartzaile berrien sorrera bultzatzea da Bizkaiko Bertsozale Elkartearen helburua.

Txapelketak hiru fase izango ditu eta finala ekainaren 3an jokatuko da, Bizkaiko eskolarteko finalarekin batera. Lehenengo fasea gaurtik hasi eta apirilaren 3a bitarte jokatuko da, eta bigarrena apirilaren 24tik maiatzaren azkenera arte luzatuko da. Profil anitzeko 200 parte-hartzailetik gora aurkeztu dira, 30 taldetan banatuta. Bakoitza gutxienez hiru bertsolari eta bana epaile, laguntzaile eta gai-jartzailez osatuta dago. Kanporaketa gehienak hiru taldeka jokatuko dira, hurrengo fasera talde bakarrak salto egingo duelarik. Bigarren fasera hamar talde pasatuko dira, eta finalera hiru baino ez. Saioak puntuatzeko hiru taldeetako epaileen balorazioa eta publikoaren balorazioa hartuko dira kontuan.

 

Bilboko parte-hartzaileak

Bilbotik bi taldek hartuko dute parte Bizkaiko Taldekako Txapelketan. Santutxuko bertso eskolatik 'Santutxu' taldean Fernando Otsoa de Zabalegi Mugeta, Garazi Navarro Ugarteburu, Ibon Aristi de la Hoz, Iker Uribarren Berriozabal, Irati Erkizia Otegi, Joserra Bilbao Otaola eta Oihana Bartra Arenas arituko dira. 'Potojorri' taldean, aldiz, Potojorran eta Elorri bertso eskolako kideak elkarlanean arituko dira, honako bertsolari hauek: Joseba Barandiaran Andueza, Ainhoa Markinez Arruza, Axier Goñi Arsuaga, Mikel Galarza Idirin, Javier Martinez Gutierrez Guti, Asier Urkiza Sanchez, Ander Anakabe Lekue, Enare Muniategi Etxabe eta Mikel Aiartzaguena Agirrebeitia.