Bilboko azken zilarginetako baten lantokia

bertonaldizkaria 2017ko ots. 16a, 08:00
Argazkia: Bilboko Eliz Museoa

Eloy Garcia artisauak mende erdia eman du zilarra eta brontzea lantzen. Jubilatu ostean, Iturribideko tailerrean zituen bere lanabesak Eliz Museoari eman dizkio, eta museoak ikusgai jarri ditu.

Bilboko Eliz Museoko urregintza aretoaren erdian zilargin baten tailerra birsortu dute. Eloy Garcia artisauak Iturribide kalean zuen tailerra irudikatu dute berak museoari utziko tresnekin. Galbidean dagoen ofizioa da artisau zilarginarena, eta hortaz bisitari askoren harridura sortu dute piezek. 

Tailerrean egiten ziren lan guztien prozesua ezagutzeko aukera ematen du erakusketak. Eloy Garciak paperean egiten zituen zirriborroetatik amaitutako piezetara. Besteak beste, irudiak, lanabesak, moldeak, bukatu gabeko piezak eta bukatutakoak, inspirazio iturri gisa erabiltzen zituen liburuak, tailerreko altzariak, noski, baita San Pankrazio babeslearen figura bat ere. Denak daude kristal blindatu batek babestuta. 

Erakusketako osagaiak geldi eta hotz gera ez zitezen, bideo batek tailerraren funtzionamendua, lanabesak erabiltzeko modua eta obra bat sortzeko faseak erakusten ditu. Zilarginaren lanbidera hurbiltzeko modu “atsegin eta didaktikoa da” Juan Manuel Gonzalez Cembellin Eliz Museoko zuzendariaren arabera. Bideoko protagonista Eloy Garcia bera da. Berak ematen ditu lanbidearen gaineko azalpenak. 

“Ez dugu tailerra asmatu, dio museoko zuzendariak. “Tailer zehatz bat birsortu dugu”, erantsi du. Bilboko azken zilarginetako batena: Eloy Garciarena. Garciaren eskuak galdategian trebatu ziren gazte zela. Gogor eta fin lan egindakoa da mende erdiz, goi mailako zilargintzara iristeraino. 

Erakusketaren prestaketan “denbora asko” eman dute Eliz Museoan. Besteak beste, historiagile, arotz, kristalari, elektrikari eta ikus-entzunezko teknikariek parte hartu dute “zehaztasun handiko” lana egiteko.