2016-2010 aldirako Lankidetzaren III. Gida Plana onartu dute

uriola.eus 2017ko ots. 16a, 08:15

Bilboko Udalak 2016-2020 aldirako Lankidetzaren III. Plana onartu berri du. Udalak bultzatzen duen lankidetza deszentralizatuaren garrantzia eta abantailak berretsi ditu dokumentu horretan.

Dokumentua indarrean egongo da 2020ra arte eta udalaren lankidetzaren garrantzia eta rola azpimarratu nahi ditu. Hori abantaila konparatiboak aprobetxatzen dituen eredu propioan oinarrituta. Eredu horrek jasangarritasunaren alde egiten du eta kudeaketa eraginkorra, parte-hartzearen bidezkoa eta gardena indartzen du, Nazio Batuek ezarritako Garapen Jasangarriaren Helburuekin bat etorriz.

Udalak Hegoaldeko herririk txirotuenen garapenarekin duen konpromisoa agerian utzi izan du sarritan. Hori erantzukizuna partekatzea eta herritartasun globalaren kontzeptua barnean hartzen dituen ikusmoldetik. Aipatutako konpromisoa agerian uzten du, esate baterako, 1995etik garapenerako lankidetzaren arloko politiketara bideratutako 30 milioi eurotik gorako zenbatekoak. Horiek horrela, Bilbo Estatu guztian xede horretara fondo-bolumenik handienak bideratzen dituzten bost hiriren artean dago.

Kontzentrazio geografikoa eta sektoriala 

III. Gida Planak aurreko gida planek hasitako kontzentrazio geografiko eta sektorialaren prozesua garatzen jarraitzen du, eraginkortasuna errazteko, eragin handiagoa izateko, sinergiak sorrarazteko eta abian jarritako ekintzen jarraipena hobetzeko.

Agiriak arlo ezberdinetako lehentasun hauek jasotzen ditu:

• Genero-berdintasuna eta emakume eta neskatila guztien ahalduntzea lortzea.

• Hezkuntza inklusibo, bidezko eta kalitatezkoa bermatzea, eta bizi guztian eta denentzako ikasteko aukerak sustatzea.

• Hiriak eta giza kokaguneak barne biltzaileak, seguruak, erresilienteak eta iraunkorrak izan daitezen lortzea.

• Pertsona guztientzako ura eta saneamendua eskura izango direla eta modu iraunkorrean kudeatuko direla bermatzea.

• Kontsumo eta ekoizpen modalitate iraunkorrak bermatzea.

Udalak lankidetza-politiketarako bideratzen dituen fondoak eremu geografiko batzuetan kontzentratzeko helburuari dagokionez, hauexek dira irizpideak:

• Giza garapen indize baxua edo oso baxua duten herrialde edo zonaldeak, zaurgarritasun egoera handia den kasuan.

• Zonalde urbano edo periurbanoak, Bilbokoaren antzeko testuinguru edo beharrak dituztenak, eta beraz, balio erantsi handiagoa jasoko dutenak.

• Aurretik lan ibilbide luzea duten herrialdeak, udaletik zuzenean edo GGKEetatik, abian diren prozesuak indartzeko.

• Bilboko etorkinen jatorrizko herrialdeak, aukera baitago Bilbon bertan bizi diren herritarrak garapen eragile aktibo gisa inplikatzeko.

• Beste lankidetza eragile batzuen lanarekin, tokikoak izan, estatukoak edo nazioartekoak, osagarritasunak eta sinergiak sor daitezkeen herrialdeak.

Irizpide horiekin, Bilboko Udalaren Garapenerako Lankidetzaren III. Gida Planean hauexek dira lehentasuna duten herrialdeak: Kongoko Errepublika Demokratikoa, Ruanda, Senegal, Txad, SEAD eta Bolivia.

Jarduera arloak

III. Gida Planean bost jarduketa-eremu jasotzen dira. Horiek gauzatzeko GGKEei diru-laguntzak emateko deialdiak egongo dira, baita Bilboko Udalaren zuzeneko lankidetza ere. Hona hemen:

• Nazioarteko lankidetza: Txirotutako herrialdeetako egitura politiko, sozial eta ekonomikoen eraldaketarekin zuzenean lotutakoak.

• Garapenaren arloko sentsibilizazioa eta hezkuntza: Gure inguruan egindako ekintzak, bilbotarrak informatu, prestatu, sentsibilizatu eta kontzientziatuko dituztenak Hegoaldean pobretutako herrialdeetan bizi diren herritarren egoeraren errealitateaz eta arazoez.

• Ekintza humanitarioa eta larrialdiko laguntza: Suntsiketak, larrialdiak eta horrelako egoera berezietarako esku-hartzeak, biktimen ahultasuna murrizteko eta biziraupena bermatzeko.

• Partea hartzea, gardentasuna eta indartzea: tokiko lankidetza eragileak txertatzeko, informatzeko eta laguntzeko jarduerak, Lankidetzako Udal Kontseiluari garrantzi berezia emanez.

• Beste modalitate batzuk: Bilbon elkartasun ekimenei laguntza ematea, bisitak eta harreman instituzionalak, barruko kudeaketa, udal sail eta zerbitzuekiko koordinazioa eta horietan eragitea, garapenerako politiken koherentzia lortzeko.

Bilboko lankidetzako Udal Kontseilua

Bilboko Horretarako, 2004an Lankidetzarako Udal Kontseilua eratu zen. Organo aholku-emailea, informazio-emailea eta partaidetza bideratzen duena da. Horretan lankidetzaren arloan Bilbon lan egiten duten eragile sozialak daude ordezkatuta.

Lankidetzarako Udal Kontseiluaren xedea ahaleginak batzea eta elkartasun eta lankidetzaren arloko lanen kudeaketaren hobekuntza bultzatzea dira, garapen-modu gizatiarragoa eta informazio eta gardentasun handiagoa lortze aldera. Lankidetzarako Udal Kontseiluak rol aktiboa izan du Bilboko Udalaren Garapenerako Lankidetzaren III. Gida Plana prestatzeko lanetan.

Udalaren diru laguntzak 2017rako

Bilboko Udalaren Garapenerako Lankidetzaren III. Gida Planean jasotako funtsezko tresna izanik, Bilboko Udalak diru-laguntzak ematen ditu, besteak beste, nazioarteko lankidetza eta giza eskubideak sustatzeko.

Zehatzago, garapenerako lankidetzaren eta giza eskubideen arloak izango du, diru-laguntza horien artean, aurrekontuko partidarik handiena; hain zuzen ere, 1.994.156 euro; hots, iaz baino % 39 gehiago.