Hainbat ekitaldi antolatu dituzte Berta Caceresen erailketaren lehen urtemugan

uriola.eus 2017ko mar. 3a, 09:24
Berta Caceres

Honduraseko ekintzaile ekologista eta giza eskubideen defendatzaile sutsua izan zen Caceres. 2016ko martxoaren 3an erail zuten tiroz bere etxean.

Meatzaritza, zurgintza eta enpresa hidraulikoen proiektu pribatizatzaileen aurkako borroketan zegoen murgilduta Berta Caceres, Hondurasko ibai eta basoak babesteko. Hondurasko Herri Erakundeen eta Indigenen Gizarte Kontseiluko (COPINH) sortzaileetako bat izan zen 1993an, eta Lenka herri indigenaren liderra ere bazen, Agua Zarca presaren aurka borrokatzen duena. 2015ean Goldman sari ekologista lortu zuen azken urteetako borrokagatik, ekintzaile ekologistentzat aitorpen handia duena.

Iazko martxoaren 3an sikario batzuk bere etxera indarrez sartu eta tiroz hil zuten. Urteetan, Berta Caceres eta COPINHeko hainbat ekintzailek salatu zuten Hondurasko Polizia Nazionala, Enpresa Pribatuko Hondurasko Kontseilua eta Eliza Katolikoaren partetik presioak jasaten zituztela.

Caceresen erailketaz geroztik urtebete igaro eta “oraindik inpunitatea nagusi” dela gaitzesteko hainbat ekitaldi antolatu dituzte Ekologistak Martxan kolektiboko kideek. “Egia, justizia eta erreparazioa” eskatzen dute Bertarekin Elkartasuna ekimenaren bitartez.

Arratsaldeko zazpietatan Berta Caceresi buruzko dokumental-labur emanaldia eta bere semearekin bideokonferentzia egingo dute Ekoetxean (Pelota kalea 5). Martxoaren 6an, astelehena, 19:30ean elkarretaratzea egingo dute Caceresen erailketaren urtemuga dela eta Plaza Biribilan. Martxoaren 23an, XI. Ekozinemaldia jaladiaren baitan, Guardiana de los ríos filmaren proiekzioa antolatu dute Ekoetxean.

Ekologistak Martxan

 

[2016-03-14] Berta Caceres gogoan

[2016-03-15] Justizia eskatu dute Berta Caceresen erailketa argitzeko

[2016-05-04] Berta Caceresentzat "justizia eta elkartasun" eskaera zabalduko dute

[2016-05-06] Nazioarteko batzorde independente baten eraketa exijitu du Bilboko Udalak Berta Caceresen hilketa argitzeko