Igandean goizaldeko 06:25 aldera, Miribillako suhiltzaileek abisu bat jaso zuten; Maximo Agirre kaleko 32. zenbakian sute bat zegoen. Bertaratu zirenean, etxe horretan bizi zen 33 urteko gizonezkoa lurrean botata aurkitu zuten. Sutea txikia izan zen; ustez, gizonak zartagin bat utzi zuen sutan eta kea izan zen nagusitu zena. Gizonezkoa karbono monoxidoa arnastearen ondorioz hil zen; hala ere, gaur autopsia egingo diote.
Bestalde, beste ezbehar bat eman da asteburuan. Igandean, goizeko 09:00ak pasata zirela, kale-garbitzaile batek itsasadarrean, Ripa inguruan, gorpu bat zegoela ohartarazi zion Poliziari. Berehala, suhiltzaileak bertaratu ziren eta gorpua uretatik atera zuten 09:20 inguru; ordu batez gaztea suspertzen ahalegindu ziren baina 10:15 aldera, hilda zegoela baieztatu zuten.
Ikerketa martxan jarri dute heriotza argitzeko asmoz.