Iazko urtarrilean biltzen hasi ziren Bilboko 10 auzo desberdinetako gazteak. Hamaika bilera eta bi asanblada orokorren ondoren, Gazte Asanbladen Sarea (GAS) sortzea erabaki dute, Bilboko gazte asanblada desberdinak koordinatu eta saretzeko asmoz. Bihar, larunbata, martxoak 11, 7Katu gaztetxean egingo dute GASen aurkezpena. 19:00etan emango diote hasiera egitarauari Alde Zaharretik joango den kalejira musikatuarekin. 21:00etan aurkezpen ekitaldia egingo dute 7Katun eta 22:00etan Akerjenbe Sound Sistema eta kolaborazioen kontzertua.
GASeko kideek azaldu dutenez, helburua ez da iragandako BOM edo Bilboko Okupazio Mugimenduari jarraipena ematea, baizik eta Bilboko gazte asanblada, gaztetxe eta eragile desberdinak bilduko dituen mugimendua sortzea. "Autogestioaren alde eta beste hiri eredu baten alde egin" eta "gazte ikuspegi batetik gazte problematikari erantzuteko" erronka hartu dute.
Larunbat arratsaldean 7Katura hurbildu, ondo pasatu eta mugimendua zein bertako kideak ezagutzeko deia luzatu dute.