"Bilboko Udalak 25 urte baino gehiago daramatza droga-mendekotasunen prebentzioarekin konprometituta eta horrela jarraituko du". Hitz horiekin laburtu zuen Yolanda Diez zinegotziak planaren aurkezpenean egindako hitzaldia. "Plan bizia, gertukoa, gaurkoa eta osasun onekoa da".
Adikzioen V. Planaren diseinuan egoeraren diagnostikoa kontuan hartu dute, Eusko Jaurlaritzaren adierazleak, eremu desberdinetako 26 adituren aholkularitza, azken agiriaren esperientzia eta udalaren sei sailen ekarpenak (Gizarte Ekintza, Euskara eta Hezkuntza, Gazteria eta Kirola, Berdintasuna, Lankidetza, Bizikidetza eta Jaiak, Herritarren Segurtasuna, eta Osasun eta Kontsumoa).
IV. Planean agindutakoa %90ean bete da
IV. Planaren ebaluazioak utzitako datuek diotenez, agindutako ekintzen % 90etik gora bete da. "Horrek adierazten digu umeentzako eta nerabeentzako programak sendotu eta horiekin jarraitu behar dugula, prebentzio unibertsalerako, baina pertsona eta talde ahulentzako proiektuak areagotu behar ditugula, prebentzio selektiboan, eta gazte kontsumitzaileentzako ekintzak finkatu behar direla", esan zuen Yolanda Diezek.
Beste alde batetik, erakundeak, elkarte sozialak eta adituak laneko bilerak egin dituzte, kontsultarako, eta hortik ateratako gogoeta-eta eztabaida-lana bateratu du Aholku Batzordearen txostenak. Hiru bilera egin dira eta gutxien definitu diren eremuen azterketan jarri da azpimarra; hain zuzen ere, hezkuntzako eta familietako prebentzio unibertsalarekin lotutako arloek ez dutela beste azterketa bat behar uste izan dute, baizik eta politika egonkorrak edukitzea.
Substantziarik gabeko adikzioen batzordeak, Nerabe ahulei eta drogen kontsumo problematikoei buruzko batzordeak eta Gazte eta drogekin lotutako arriskuen kudeaketari buruzko batzordeak eskaini dituzte euren ezagutzak Adikzioen V. Plana egiteko. Azkenik, tartean dauden udal sailek ere iradokizunak egin dituzte eta esku hartzeko proiektu posibleak eta ekintza zehatzak proposatu dituzte.
Planaren helburua drogen eta apustudun jokoaren abusuen prebalentzia eta eragina murriztea da eta jokabide adiktiboekin lotutako eragin negatiboak gutxitzea. Hori lortzeko, lehentasunezko zortzi lerro ezarri dira eta horiek markatzen dute proposatutako estrategien eta ekintzen bidea hartzaile izango diren lau talderi dagokienez: umeak, nerabeak, gazteak eta helduak.
62 ekintza lau talde ahulentzat
• Umeen kasuan, Planak 6 estrategia dauzka, 13 ekintzetan gauzatzeko.
• Nerabeen kasuan, 7 estrategia eta 22 ekintza definitu dira.
• Gazteentzat 5 estrategia eta 8 ekintza proposatu dira.
• Azkenik, helduentzat 7 estrategia garatuko dira 19 ekintzaren bidez.
Osasun eta Kontsumo Sailak gidatzen duen Sailen arteko Udal Batzorde Teknikoa arduratuko da Plana koordinatzeaz eta ekintzen urteko jarraipena egingo du.