Ehunka emakume elkartu dira Bilbon "berdintasun erreala" exijitzeko

uriola.eus 2017ko mar. 8a, 13:27

Heteropatriarkatuaren aurka enplegu, zaintza eta kontsumo etenaldia egin dute ordu erdiz ehunka emakume bilbotarrek eguerdian. Horietako askok bat egin dute Kale Nagusian Bilboko Koordinadora Feministaren deiari erantzunez. 

Ordu erdian ehunka emakume bildu dira Kalea Nagusiak Rekalde zumarkalearekin bat egiten duen izkinan, Corte Ingles parean. Espaloia betetzeraino. Andrazkoek errepidera irten eta autobusek erabiltzen duten errailetako bat okupatu dute.

Ordu erdiz etenaldia egin dute. Lanari, zaintzari eta kontsumitzeari utzi diote "lan ikusezinak" ikusarazteko eta "berdintasun erreala" exijitzeko. "Aldaketa feminista izango da edo ez da izango", oihukatu dute elkarretaratzean parte hartu duten lagunek. "Emakumeak geldituz gero, dena gelditzen da; etxeko lanak gelditzen badira, gainontzeko guztia ere gelditzen da", erantsi dute.

"Oso pozik" daude Bilboko Koordinadora Feministako kideak deialdiak izan duen erantzunarekin. Ez zuten uste hainbeste lagunek bat egingo zutenik ekimenarekin. Ana Perezen esanetan, "hasieran pentsatzen genuen ez ginela gauza izango gelditzeko eta elkartzeko. Baina, bai, gogoa badago heteropatriarkatuari planto egiteko; eta horixe egin dugu". Parte-hartze handiaz gain, "aniztasun handia" ere egon da andrazkoen artean. 

Egun osoko etenaldia egiteko proposamena, munduko beste herrialde batzutan egin duten bezala, "ez zen erreala" Bilboko Koordinadora Feministaren iritziz, besteak beste, denbora tarte txikiarekin egin delako deialdia eta deialdia bera "malgua" izan delako. Hori dela eta, koordinadora feministak ordu erdira mugatzea erabaki du gaurko lan, zaintza eta kontsumo uztea. 

Gaurkoa "abiapuntua" izan daiteke aurrera begira "egun osoko etenaldia egiteko". Izan ere, Bilboko Koordinadora Feministaren aburuz "arrazoiak baditugu emakumeok horretarako. Gaurkoa ez da etenaldi bakarra izango", aurreratu dute.

 

2017ko martxoaren 8an, "aldaketa gutxi", baina "emakume gehiago"

Iazko martxoaren 8arekin alderatuta, aldaketa gutxi atzeman dituzte feministek. "Gutxi gorabehera berdintsu gaude", adierazi du Ana Perezek. Baina bada azpimarratzea merezi duen aldaketa bat: "Jendea kalea hartzen ari da". Madrileko Sol plazan genero indarkeria lehen mailako gai gisa aintzat hartzeko eskatzen ari diren emakumeen gose greba da horren adibide. "Benetako aldaketak" bultzatzeko gunea kalea dela defendatzen dute. "Egia da, gauza gutxi aldatu direla azken urtean, baina emakume gehiago gaude borroka honetan. Kalean bultzatu behar dugu benetako aldaketa. Feminista da aldaketa edo bestela ez da benetako aldaketa izango". 

Arratsaldean manifestazioa

Basakeria heteropatriarkal kapitalistaren aurka, feminismoa zorroztu goiburuarekin arratsaldean manifestazioak izango dira. Bilboko martxa 19:30ean abiatuko da Arriagatik, Baionakoa 18:30ean udaletxetik, Donostiakoa 19:00etan Boulevardetik eta azkenik, Iruñea eta Gasteizekoa 20:00etan, San Anton eta Gaztelu plazetatik.

 

Ekimen gehiago

Martxoaren 10ean Bilboko emakume gazteak izeneko dokumentala aurkeztuko dute Bidebarrietako liburutegian.

Apirilaren 30era arte Emakumeak Zorrotzaurren eta Olabegan: iragana, oraina eta etorkizuna ibilbideetan parte hartzeko aukera dago. Itsasadarra izango da bisitaldi gidatuen ardatza. Alde horietako industria-arkeologia izango da gaia eta emakumeek Bilbo eraikitzen egin duten ekarpena eta izan zuten egoera azpimarratuko dira.

Erronda kaleko eragile eta taberna batzuk aste osoko egitaraua prestatu dute Emakumeen Nazioarteko Eguna dela eta. Astelehenean eman zioten hasiera programari. 19:30ean. 'Euskal Emakumezko Langilearen Historia' hitzaldia eskaini zuen Oihane Valerok Errondabiden. 

Ostegunean, hilak 9, Laura esaten zioten. Miren Odriozolaren borrokak liburua aurkeztuko dute Zirikan Leire Ibargurenen eskutik; eta 20:30ean, Jaialdi Feminista prestatu dute 7Katu Gaztetxean.

Bukatzeko, ostiralean, martxoak 10, 21:00etatik aurrera Biban, Puro Luego ipuin-kontzertuaz gozatu ahalko dute bertaratzen direnek eta Adaxkan Izas Martinez Arzuagaren erakusketa egongo da aste osoan zehar.

 

[2017-03-08] Ordu erdiko "enplegu, zaintza eta kontsumo etenaldia" egitera deitu dituzte emakumeak