Apirilaren 8an irekiko dute metroaren 3. linea

uriola.eus 2017ko mar. 14a, 10:41
San Tomas egunean behin-behinean zabaldu zen San Nikolaseko geltokia

Hainbat komunikabidek zabaldu dutenez, metroaren 3. linea apirilaren 8an inauguratuko dute. Lau urteko atzerapenarekin irekiko dute Matiko, Uribarri, Zurbaranbarri, Txurdinaga, Otxarkoaga eta Etxebarriko San Antonio auzoa metro sarearekin konektatuko dituen zerbitzua.

Zazpi urteko lanak, lau urteko atzerapena eta 280 milioi euro baino gehiagoko inbertsioa suposatu du linea berri honek. Zerbitzua Euskotrenek eskainiko badu ere, Bilboko Metroaren baitan kokatzen da, eta ondorioz, erabilera eta prezioak gainontzeko lineetan bezalakoak izango dira. Metro lineak jarraipena izango du Matikotik Lezamako geltokiraino, Euskotrenen Txorierriko linea metro sarean integratuz.

5'8 kilometroko linea berria Otxarkoaga, Txurdinaga eta Uribarritik igaroko da, eta Etxebarri eta Matiko auzoak lotuko ditu. Guztira, 70.000 auzotarri zerbitzua emango die. Inaugurazioarekin bat, Alde Zaharreko San Nikolas geltokia berriz ere irekiko da.