Kale ezberdinetan eragina izango du Bilbao-Bilbao klasiko zikloturistak igandean

uriola.eus 2017ko mar. 17a, 10:00

Bilbao-Bilbao Nazioarteko Martxa Zikloturistaren 29. edizioa domekan egingo da, martxoak 19, eta, horren ondorioz, Bizkaiko hiriburiko erdialdeko kale batzuk itxi eta beste batzuetan zirkulazioa murriztuko dute.

Kale hauek izango dira itxita egongo direnak: Rekalde zumarkalea, Moyua plaza, Deustuko zubia, Orixe kalea eta On Diego Lopez Harokoaren Kale Nagusia. Udaltzainak eta antolaketako langileak bertan egongo dira une oro.

06:45etik 09:30etara, gutxi gorabehera, Deustuko zubia itxiko dute, bertatik abiatuko baita martxa. 08:00etatik 09:15era, gutxi gorabehera, Orixe kalea une zehatzetan itxiko da. Udaltzainek edo/eta antolaketako langileek arautuko dituzte garajeetako sarrera-irteerak.

12:00ak eta 14:30ak bitartean, Recalde zumarkalea itxiko dute, Salbe zubia eta Moyua plazaren artean. Ordutegi berean zarratuko da Moyua plaza, Gobernuaren Ordezkariordetzako eraikinaren eta Elkano kalearen artean (plazako hegoaldean).

Rekalde zumarkaleko garajeetako sarrera-irteerak, Plaza Biribiletik gertuen dagoen inguruan, Albia Lorategietatik egingo da. Jesusen Bihotza plazatik gertuen daudenak, Euskadi plazatik sartuko dira.

Azkenik, probak gutxi gorabehera 09:30etik 16:00etara iraungo duela kontuan hartuta, On Diego Lopez Harokoaren Kale Nagusia itxiko dute, helmuga Moyua plaza eta Urkixo zumarkalearen artean jarriko baita.

Gainera, Bilbobus eta Bizkaibuseko linea batzuek ibilbidea aldatuko dute, proba egiten den bitartean. Bilbobuseko aldaketen informazioa www.bilbao.eus webgunean eta markesinetan ikus daiteke.