Sare dinamikari elkartasuna adierazteko aukera egongo da bihar Bilboko hainbat auzotan

uriola.eus 2017ko mar. 20a, 08:55
Bego Atxa eta Joseba Azkarraga aurtengo urtarrileko prentsaurrekoan

Auzitegi Nazionalak 2015eko manifestazioko 104.000 euroak ez itzultzeko erabaki ostean, Sarek bere etorkizuna "jokoan" dagoela aitortu eta euskal herritarren "laguntza" eta "babesa" eskatu du. "Lapurketa" salatu eta egoera ekonomiko larriari aurre egiteko mobilizazioak eta dohaintza puntuak antolatu ditu aste honetarako.

Sare dinamikak 2015eko urtarrileko manifestazioko diru-bilketa berreskuratzeko apelazio-helegitea aurkeztu ostean, Audientzia Nazionalak atzera botatzea erabaki zuen. Egoera ekonomiko larriari aurre egiteko Sarek elkartasun astea hasi zuen. Martxoaren 22ra arte, asteazkena, www.sare.eus webgunean dohaintzak eta diru ekarpenak egin ditzakete herritarrek. Bihar Bilboko eta Euskal Herri osoko hainbat gunetan salaketa eta ekarpenak egiteko mahaiak paratuko dira.

Goizeko 11:00 eta 14:00ak bitartean Santanderreko geltokian (Concordia geltokia) informazio gunea egongo da bazkidetzen eta dohaintzen inguruan. Arratsaldean, 19:00etatik aurrera, Indautxuko Gregorio de la Revilla kalean diru ekarpenak egiteko postuak jarriko ditu Sarek, eta 19:30ak eta 21:00ak bitartean Santutxuko Egunkaria, Bastida eta Arsuaga plazan ere egongo da aukera informazioa eskatu eta dohaintzak egiteko.

Bestalde, Audientzia Nazionalaren erabakia salatzeko elkarretaratzea deitu du Sarek bihar 12:30ean, Bailen kaleko eskaileretan. 

 

[2017-01-16] Legebiltzarretako gehiengo berriei urrats zehatz eta erabaki argiak eskatuko dizkie Sare-k

[2017-02-02] "Herritarren esku uzten dugu Sareren etorkizuna"

[2017-02-14] 2015ean Guardia Zibilak Sareri konfiskatutako dirua itzultzeko eskatu dute hainbat norbanakok

[2017-03-17] Sare dinamikak euskal herritarrei "laguntza" eta "babesa" eskatu die aurrera egiteko