Euskal Coaching programa, kirolean eta teknologia berrietan euskara sustatzeko

uriola.eus 2017ko mar. 21a, 12:00

Aurten ere abian jarri du Bilboko Udalaren Euskara eta Hezkuntza Sailak Euskal Coaching proiektua, Koikili Lertxundiren eskutik. Proiektuak Bizkaiko Ikasleen Gurasoen Elkartearen (BIGE), RETAbet Bilbao Basketen, Asegarceren, Asperen, Galdakaoko Ibaizabal Saskibaloi Taldearen, Santurtziko Arraun Elkartearen, Bera Saskibaloiaren eta Zuazo Saskibaloiaren laguntza du.

Ekimenean 'Euskara Tek' izeneko tailerrak eta hitzaldiak egingo dira, euskararen erabilera sustatzeko gazteenen aisialdiko jardueretan: kirolean eta teknologia berrietan.

Bilboko ikastetxeetan egingo diren 'Euskara Tek' tailerrak Koikili Lertxundi Athleticeko jokalari ohiak zuzendutako EuSport enpresak emango ditu; bera arduratuko da teknologia berriak, kirola eta euskara parte-hartzaile izango diren ikasleengana hurbiltzeaz, betiere modu integratuan.

Ekimen honekin, Udalak euskararen erabilera sendotu nahi du ikastetxeetan; ez bakarrik irakaskuntzaren eremuan, baita ikasleentzat garrantzi handikoak diren beste arlo batzuetan ere, kirolean eta teknologia berrietan, kasurako, azken hauen artean sartzen dira-eta internet eta sare sozialak. Euskara Sailaren helbururik behinenetakoen barruan sartzen dira tailerrok: umeek, euskaraz jardun ahala, elkarri eragiteko, komunikatzeko, ikasteko eta ondo pasatzeko espazioak sortzea.

Zehazki, 15 tailer egingo dira 8 eta 12 urte bitarteko gaztetxoentzat. Tailer bakoitzean 50 gazterentzako lekua dago eta Bilboko zenbait ikastetxetan egingo dira. Gainera, bost hitzaldi emango dira 10 eta 18 urte bitarteko kirolari gazteentzat. Ordubeteko saioak izango dira, udaltegietan eta kirol instalazioetan.

Bilboko gazteentzat erreferentzia diren puntako kirolariak izango dira tailerrak eta hitzaldiak emango dituztenak; honako hauek:

• Igor Anton eta Amets Txurruka karreristak.

• Iraia Iturregi, Aitziber Juaristi, Koikili Lertxundi, Ainhoa Tirapu eta Amaia Olabarrieta futbolariak.

• Matxalen Ziarsolo eta Ainhoa Azaola eskubaloiko jokalariak.

• Borja Mendia, Ainara Ramasco eta Asier Garcia (Joko Olinpikoetako dominaduna) saskibaloiko jokalariak.

• Mikel Urrutikoetxea, Iratxe Benito, Danel Elezkano eta Ibai Zabala pilotariak.

• Aitzol Atutxa aizkolaria.

• Leticia Canales surfista.

• Rakel Mateos triatleta olinpikoa.

• Txomin Arana motor-gidaria.

• Iker Zabala Bermeoko arraunlaria.

Programa honen laugarren edizioa izanik, orain arte izan duen harrera ona mantentzea espero dute.

2016ko Euskal Coaching programaren balantzea

2016ko Euskal Coaching programak harrera bikaina izan zuen. Hamabost tailer eman ziren Bilboko zenbait ikastetxetan eta bost hitzaldi udaltegietan eta kirol instalazioetan. Guztira, 1.200 gazte batuz.

Saio horietan kirolari profesionalak egon ziren: Iraia Iturregi, Aitziber Juaristi, Koikili Lertxundi, Ainhoa Tirapu, Amaia Olabarrieta eta Sabin Merino futbolariak; Ibai Zabala eta Borja Mendia pilotariak; Maider Unda borrokalaria; Leticia Canales surfista; Aitzol Atutxa aizkolaria; Matxalen Ziarsolo eta Ainhoa Azaola eskubaloiko jokalariak eta Borja Mendia eta Ainara Ramasco saskibaloiko jokalariak. Horietako asko beste urte batzuetan egondakoak ziren eta aurten ere etorriko dira Euskal Coaching programako tailerretara eta hitzaldietara.

Hamabost tailerrak Bilboko ikastetxeetan egin ziren: Zorroza BHI, Karmelo Ikastola, Ibarrekolanda BHI, El Ave Maria ikastetxea, Artxandape Ikastola, Kirikiño Ikastola, Begoñazpi Ikastola, Jesus Maria ikastetxea, Rekaldeberri BHI, Miguel de Unamuno BHI, Fátima ikastetxea eta San Adrian BHI.

Tailer horiek ordu bikoak izan ziren eta ikasleek testuen ulermena, idazketa eta irakurketa publikoa landu zituzten; baita informazioa laburtzeko gaitasuna ere, ikusitako gaien laburpenak egiteko. Hori guztia talde lanean egin zuten, pertsona guztiek parte hartzeko aukera izan zezaten.

Tailerretan, parte-hartzaileak taldeetan antolatu ziren eta kirolariei kirol munduan izandako esperientziari buruzko galderak egiteko aukera izan zuten, eta gero profesionalen erantzunekin egin lan egin. 

Gero, deskribapen bat egin zuten, eurek sortutako blog batean argitaratuz. Horrela, ikasleek blog bat sortzeko behar diren tresna teknologikoak erabiltzen ikasi zuten: Word programa erabiltzea, interneteko bilatzaile desberdinak, eta abar. Den-dena euskaraz.

2016ko Euskal Coaching programaren barruan, bost hitzaldi eman ziren eskubaloia, futbola (2), pilota eta saskibaloiari buruz Ibaiondoko Udaltegian, Mallonako instalazioetan, San Inazioko kiroldegian eta Karmelo eta Begoñazpiko ikastoletan.

Profesionalek kirolaren balioak transmititu zituzten, erabil beharreko eskolako kirolaren eredua, kirol mota desberdinen arteko sailkapenean sakondu (profesionala, errendimendua, eskolako kirola, aisialdia-osasuna eredua) eta eredu bakoitzeko balio positiboak eta negatiboak zeintzuk diren azpimarratu zuten.

Hitzaldiek hiru helburu izan zituzten; euskararen erabilera, kirolaren balioak eta berdintasuna sustatzea.