Duela bi aste Bilboko Back&Stage aretoko Harreman Publikoetako langileen WhatsApp talde batekoelkarrizketa baten pantaila-argazkia argitara atera zen. Bertan, Back&Stageko Harreman Publikoen arduraduna zirudien kide batek aginduak bidaltzen zizkien gainontzeko langileei. Argazkian ikusten den bezala, elkarrizketako azken zuzentarauak "cuidar mucho el perfil de las personas a las que vendéis (no moros, ni gentuza)" zioen.
Pantailazoa arin mugitu zen sare sozialiatetatik, eta Back&Stage aretoak hurrengo egunean Facebooketik zabaldutako komunikatu batean gezurretakoa zela adierazi zuen. "Difamazioen aurrean beharrezkoak diren neurri legalak" hartuko zituztela ere azaldu zuen aretoko zuzendaritzak.
Ernai gazte antolakundeak gaur zabaldu duen komunikatu batean azaldu du argitara emandako komentario arrazistak Back&Stagekoak zirela egiaztatu dutela, eta ondorioz aretoko zuzendritzaren izenean zabalduko adierazpenak "gezurrezkoak" direla salatu du.
Bilbon eta inguruetako diskoteka eremu askotan "horrelako jarrera arrazista eta klasistak oso ohikoak" direla salatu du Ernaik, eta deia luzatu die gazteei jai giroan non kontsumitu eta zelan harremantzen diren hausnartzeko. Jarrera arrazistez gain, "emakumeen gorputza erreklamo moduan saltzea" ere oso ohikoa dela salatu dute. Ondorioz "diskriminazio arrazista eta balore matxistak eta klasistak" bultzatzen dituzten establezimenduetan ez kontsumitzeko deia zabaldu du gazte antolakundeak.