Iberdrola Gau Lasterketak 4.500 bat korrikalari bilduko ditu larunbat iluntzean

uriola.eus 2017ko mar. 23a, 11:00

www.carrerapopularnocturnaiberdrola.com

Parte-hartzaileei ibilbide herrikoi bat eskaintzeko asmoz diseinatu du Iberdrolak Gau Lasterketa Herrikoia. 9,5 kilometroko ibilbidean protagonista nagusia Bilboko gaua izango da. 

Bilboko hiribilduko leku "garrantzitsuenetatik" pasako dira Iberdrola Gau Lasterketa Herrikoian parte hartzen duten korrikalariak. Besteak beste, Kale Nagusia, Iberdrola Dorrea, Euskalduna Jauregia, San Mames Barria edota Guggenheim Museotik.

Badu berezitasun bat ibilbideak. San Mamesen futbol zelai barrura sartuko dira lasterkariak. Ez da ohikoa, baina ez da lehen aldia. 2015ean, 19. Korrika Bilbora iritsi zenean partaideek zelaira sartu eta barruan korrika egiteko aukera izan zuten.

Zailtasun txikiko lasterketa da larunbatekoa. Iluntzean, 19:30ean abiatuko dira 4.500 bat korrikalari Kale Nagusitik, Gregorio de la Revilla kalearekin bat egiten duen ingurutik, eta 9,5 kilometroren ondoren helduko dira Guggenheim Museoko zabalgunera. 

Bilbon "%100ean herrikoia eta solidarioa" den running lasterketa bat sortzeko asmoz jaio da proba hau. Iberdrola enpresa antolatzailearen esanetan, "running-erkidegoa esponentzialki hazten da urtero. Kirol-diziplina hau oso egoera onean dago eta gaur egun milaka zale ditu. Running-erkidegoa kolektibo handi bat da eta egunero euren kausagatik borrokatzen duten kolektibo ahulak laguntzeko ahalmen handia dauka". 

Urtero "kausa solidario bat babesteko asmoz" antolatu ohi du Iberdrolak ekitaldi hau. Horregatik, Iberdrola Gau Lasterketa Herrikoiak izen-emateekin bildutako diruaren %100 bideratuko du hautatutako proiektu solidariora. 

www.carrerapopularnocturnaiberdrola.com

 

Erdiguneko zenbait kaleetako zirkulazioan aldaketak

Lasterketak Kale Nagusian eta inguruetako kaleetan, Euskalduna zubian, Jesusen Bihotza plazako biribilgunean eta Olabeaga auzoan izango du eraginik handiena.

Kale Nagusia 14:00ak inguruan hasiko dira ixten, 21:00etara arte, gutxi gorabehera. 

Beste alde batetik, 19:40etik 20:45era, gutxi gorabehera, Euskalduna zubia itxita egongo da noranzko bietan eta ondorioz, Jesusen Bihotza plazako biribilguneko zati bat itxita egongo da eta Olabeaga auzorako sarbideetan eragina izango du.

Bilbobuseko linea batzuetako ibilbideetan ere aldaketak egingo dira; horiei buruzko informazio zehatza geralekuetan eta www.bilbao.eus/bilbobus webgunean jarriko da.

Bilboko Udalak ibilgailu pribatua barik garraio publikoa –ahal dela trena edo metroa- erabiltzeko gomendioa egin du.