Amiantoa kentzeko 30 kasu identifikatu ditu Udalak azken bi urteetan

uriola.eus 2017ko mar. 23a, 11:00

2016ko apirilaren 26ko Udalbatzarreko erabakia betetze aldera, Udalak urte birik behingo inbentarioa egin du Hiri Plangintzarako Sailak Bilboko eraikinetan obrak egiteko espedienteetan aurkitutako amianto-kasuen kopuruarekin.

Hala bada, 2015ean eta 2016an, Bilbon amiantoa kendu eta behar bezala gestionatu da 34 eraikinetan; laneko segurtasunaren eta osasunaren protokoloak eta hondakinen tratamenduari buruzko Estatuko eta Autonomia Erkidegoko araudiak beteta.

Horrela, topatutako 34 kasuetatik, %56 (19) eraikinak osorik edo euren zati bat botatzeko espedienteei dagokie eta gainerako %44a (15) Bilboko eraikinak eraberritzeko, konpontzeko edo estaltzeko lizentziei.

Estatu mailan, eraikuntzan amiantoa fabrikatzea, merkaturatzea eta erabiltzea (zein-nahi motatakoa izanda ere) legez galarazita dago 2001az geroztik.

Amiantoa manipulatzearen gaineko araudia

396/2006 Errege Dekretuak amiantoaren eraginpean egoteko arriskua dagoen lanetan aplikatu beharreko segurtasunaren eta osasunaren arloko gutxieneko neurriak ezartzen ditu, material hau manipulatzean enpresarien betebeharrak zehaztuta.

Ildo horretan, araudiak ezartzen duenez, enpresak nahitaez inskribatu beharra du Amiantoaren Arriskua duten Enpresen Erregistroan eta Lan Plana aurkeztu behar du. Plan hori lan-agintaritzak onartu beharko du obrak hasi aurretik.

Plan horretan honakoak zehaztu beharko dira, besteak beste: erabili beharreko material-mota eta gerta litezkeen arriskuei eta hartu behar dituzten babes-neurriei buruz langileei emandako informazioa.

Hala berean, 112/2012 Dekretuak eraikuntza eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen du eta hondakin arriskutsutzat jotzen du amiantoa; behar bezala gestionatzeko neurriak ere ezartzen ditu.

Bilboko Udaleko Hiri Plangintzarako Sailak obretarako lizentziak ematerakoan, amiantoa duten hondakinak manipulatzen dituzten enpresak legezko obligazioak betetzera behartzen ditu.

Bilboko Udalak egiaztatu egin du enpresak inskribatuta daudela Amiantoaren Arriskua duten Enpresen Erregistroan. Hondakinen kudeaketari buruzko 112/2012 Dekretua betetzearen ziurtagiria ere eskatzen die eta betetzea bermatzen duen abala, amiantoa behar ez bezala manipulatzeak osasunerako arriskurik gerta ez dadin.