Goizean goiz piketeak egin dituzte Sarriko eta Leioako campusetako ikasleek. Gizarte eta Komunikazio Zientzietako fakultatean gaua igaro ostean, Leioako ikasleek errepideak moztu dituzte zaborrontzi eta aulkiekin blokeatuta, eta Errektoretzak fakultate guztiak ixteko agindu du. Sarrikon ikasleek kalejira egin dute gelaz gela greba deia zabaltzeko, eta 11:00ak aldera bide mozketak egin dituzte.
Batxilergoko ikasleek deituta 11:30ean zutabe bat atera da Deustuko Done Petri enparantzatik. Bizkaiko ikasleen manifestazioa Jesusen Bihotzeko errotondatik atera da eguerdian. UGT eta CCOO sindikatuen mobilizazioak zirela eta, hasieran pentsatutako ibilbidea aldatu behar izan dute.
Guztira, 4.000 ikasle inguru batu dira hezkuntza "eredu propio" baten alde eta LOMCE, Heziberri eta Eu2020 bezalako erreformen aurka.
13:30ak aldera ekitaldi batekin amaiera eman diote manifestazioari Plaza Eliptikoan. Ertzaintzaren presentzia nabarmena izan da mobilizazioan zehar, baina goiza lasaia izan da, istilu gabea. Zenbait hedabideren arabera Ertzaintzak pertsona bat identifikatu du San Mames inguruan.
Topatu.eus gazte proiektu komunikatiboak Hego Euskal Herriko greba eta manifestazioen jarraipena egin du @Leioatik!, @Buiaka eta @HaraBa proiektuetako kideekin elkarlanean.
Informazio gehiago: #SistemariAurre