'Herritarron Ituna'-ren aurkezpenean, ekainaren 10ean Bilbon, parte hartzera deitu du Gure Esku Dagok

uriola.eus 2017ko mar. 27a, 10:04

Julen Telleria eta Ainhoa Vitoria larunbateko prentsaurrean Eliptika plazan

Gure Esku Dago ekimenak ekainaren 10ean Erabakitzeko prest lelopean mobilizazio nazionala deitu du Bilbon "orain arte egindako lana, lortutako adostasunak eta piztutako ilusioa ekimen berean biltzeko" eta Herritarron Ituna aurkezteko.

"Amestetik sinestera jauzi egiteko" ordua dela esan zuten Gure Esku Dago (GED) ekimeneko kideek joan den abenduaren 17an Iruñean. Ibilbide orria aurkeztearekin batera iragarri zuten euskal herritarrak prest zeudela "erabakiaren bidea egiteko". Prest zeudela "erronka berriei" ekiteko: "Prest kultura politiko berri bat eraikitzeko. Aro berri baten zimenduak eraikitzeko. Besteari eskua eman, lubakitik atera eta zubiak eraikitzeko. Prest gaudela elkarrekin pausoak emateko, protagonistak izateko. Konplizitateak bilatzeko. Alegia, prest gaudela erabakitzeko".

Ordutik, "pauso sendoak" eman ditu ekimenak hilabete gutxian. Eta aurrerantzean ere "anbizio eta determinazio berarekin" jarraitzeko prest agertu da, "euskal herritarrok gure etorkizuna elkarrekin irudikatzeko eta egikaritzeko". Joan den larunbatean aurkeztu zuten ekintza "ez da ekimen soil bat", Julen Telleria aurkezlearen esanetan, "oinarri sendo baten gainean eraiki nahi dugunaren isla baizik". Bilbon, ekainaren 10ean, "orain arte egindako lana, lortutako adostasunak eta piztutako ilusioa" ekimen berean bilduko dituzte. Partaideen artean galdera ikur erraldoia osatzea dute xede Euskadi Plazatik abiatuta Eliptika plazaraino, eta ondoren Herritarron Ituna aurkeztea.

 

Galdera ikurra eta Herritarron Ituna

Ekainaren 10ean "erabakiaren bueltan" jarri nahi dute "herri hau dantzan". Herriz herri GED ekimena garatzen ari den norabidean. Ainhoa Vitoria kazetari eta GEDko kidearen arabera, "galderak batzen gaituelako, galdera delako gakoa eta erantzuna gure baitan dagoelako. Sinesten baitugu hautetsontzi propioa eraiki behar duela herri honek. Berezkoak dituen korapiloak askatzeko bide emango duen hautetsontzia ari gara eraikitzen, berezkoak ditugun korapiloak askatuko dituen galdera behar dugu eraiki herritar denon artean. Estatus politikoari buruz erabakitzeko nahia erakutsiko dugu euskal herritarrok ekainaren 10ean".

Eta, horregatik, ekainaren 10eko ekimena herritarrez ez ezik "edukiz ere" beteko dute. Mobilizazioaren amaieran Herritarron Ituna aurkeztuko dute, "erabakitzeko eskubidearen alde sortzen ari diren forma eta eduki anitzeko adierazpen guztiak bilduko dituen ituna".

Ainhoa Vitoriaren hitzetan, herritarrak "erabakitzeko prestutasuna eta borondatea" erakusten ari dira egindako eta egitear dauden galdeketen bitartez. "Galderak ere egiteko gai gara, galdegai bilakatu dugu gure etorkizuna, galdera egokiak egitea erantzunak baino garrantzitsuagoa delako askotan. Eta gure etorkizuna erabaki nahi dugulako…" Galdeketen bitartez, praktikaren bitartez, Herritarron Ituna osatzen ari dira, "itun demokratikoa, gure erakunde eta eragileekin elkarlanean. Erabaki oro herritarron esku jarriko duen ituna izatea du helburu". Eta asteburuan itun horren zirriborroa lantzen aritu dira dozenaka herritar Beasaingo Igartzan.

Euskal herritarrek erabakitzeko zein oinarri adostu dituzten eta nola erabaki nahi duten jasoko du testuak. Eta ekainetik aurrera, erabakitzeko eskubidearen aldeko Herritarron Ituna oinarri, Euskal Herriko eragileen itunari bide emateko lanketa hasiko du GEDk, "Euskal Herri mailako ituna" osa dadin.

Erabakitzeko eskubidearen aldeko indar guztiak batzea dute xede. Eta ekainaren 10ean "elkarrekin zer egitera iritsi gaitezkeen irudikatu nahi dugu, bai guztion artean osatuko dugun galdera ikur erraldoian eta baita mugarri izango den Herritarron Itunean ere".

Ekainaren 10erako txartelak eta puxikak

Telleriak eta Vitoriak aurkezpenean azpimarratu dutenez, "herritar guztien elkargune" izan nahi du Gure Esku Dagok. Hori horrela, itun "ahalik eta zabalena" osatzeko gonbidapena egin diote jendarteari, eta itun hori aurkezteko mosaiko erraldoian parte hartzera ere animatu dute euskal gizartea. "Egun horretan guztiok elkarrekin irudikatuko baitugu euskal herritarrok erabakitzeko prest gaudela, eta galdetuak izan nahi dugula". Herritarron Ituna-ren lanketan parte hartzeko bi aukera daude zabalik: Gure Esku Dagok herrietan dituen taldeek antolatutako dinamikak eta aste honetatik aurrera sarean martxan jarriko duten plataforma.

Bestalde, datozen asteetan herri eta auzoetan eskura jarriko dituzte ekimenean parte hartzeko konpromiso txartelak. Txartel horiekin batera banatuko dituzte mosaikoa osatzeko erabiliko dituzten puxikak.

gureeskudago.eus