Ingenieros-Deusto estropada amateurra 1981eko maiatzean jokatu zen lehen aldiz, Bilboko Ingeniarien Goi Eskolak Deustuko Unibertsitateari luzatutako erronkaren ondorioz. Geroztik, udaberriro lehiatu dira bi unibertsitateetako kideak itsasadarrean. 36 urtetan guztira Ingeniariek 14 garaipen lortu dituzte eta Deustuko Unibertsitatekoek 22. Azken hauek iaz estropadaren errekorra lortu zuten 22 minutu eta 14 segundorekin.
Bilboko Ingeniarien Goi Eskola eta Deustuko Unibertsitateko ikasleak ordezkatzen dituzten arraunlariek guztira lau itsas mila (7.408 m) egingo dituzte arraunean sei zuzengune eta bost bihurgune dituen estropadan. Lehenengo mila Destierto-Erandioko irteera mugatik Elorrietako bihurgunera bitartean burutuko da, bigarrena Erriberako luzean, hirugarrena Ontziolakoan eta azkena udaletxe parean kokatuko den helmuga marraraino.
Apirilaren lehen ostiralekoa 37. estropada izango da, 18:30ean hasiko dena. Antolatzaileek Jon Ortuzar Euskalduna Jauregiko zuzendari nagusi ohia omendu nahi izan dute. Gainera, Bilabo Turismok Fitur Nazioarteko Turismo Azokan aurkeztuko du Ingenieros-Deusto estropada, Aste Santuko oporretan Bilbo bisitatzera datozenek horren berri izan dezaten.