2013an Alex Txikonekin eta Jose Carlos Tamayorekin batera Bizkaia gailurretan/Bilbotik Lhotsera euskaraz espedizioan parte hartu zuenetik “beste ihesaldi bat” egiteko ideia izan du Juanra Madariagak buruan. Saiatu den arren, gaur arte ez du lortu, aurrekontu faltagatik. Izan ere, espedizio bat muntatzeko “diru dezente” behar da. Juanraren esanetan “min ematen digu poltsikoa beteta ez daukagunoi”. Aurten, “zorionez”, Bilboko Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntza eskuratuta, “diru apurtxo bat”, Manaslu 2017 espedizioa martxan jartzea lortu du. Igandean abiatuko da Himalayara bi hilabeterako. “Deskonektatzeko oso modu ona da”, dio Juanrak.
Azken abenturetan ondoan izan duen Jose Carlos Tamayo izango du oraingoan ere lagun. Bidean beste bi lagun gehituko zaizkie. Jorge Salazar mexikarra eta Syvain kanadiarra.
Salazarrekin lauzpabost tontorretan egin du bat Madariagak. Cho Oyun, Everesten eta Shisha Pangman, besteak beste. Harrezkero mexikarrak urtero deitzen dio arabellarrari hurrengo nora joango den galdetuz. Madariagak “zorte ona” ematen diola pentsatzen du Salazarrek, eta ez du zalantzarik izan Manasluko plana proposatzean. Fisikoki “oso gogorra” ei den mendizalea da Salazar.
Syvain Pakistanen ezagutu zuen, Gasherbrum Ien. Ordutik mantendu dute harremana bi mendizaleek. “Oso jatorra da”, Juanraren arabera, eta “esku artean zuen plana utzi du gurekin etortzeko”.
Hortaz, lau kideko espedizioa izango da. Manalusko kanpaleku nagusian jakin badakite, gutxienez, beste espedizio bat ere izango dela.
Gogotsu
Nepalera iristean, Manaslu inguruko bailaretan egingo dute aklimatazioa Juanra eta lagunek. Himalayaren erdigunean. 5.000-6.000 metroko garaiera duten mendietan. Behin egokituta, kanpamentu nagusira abiatuko dira. Bertara heltzeko bidea “oso polita” dela aipatu diote hainbatek Juanrari, eta gogotsu dago gorako bideari ekiteko.
Eguraldiaren menpe egongo dira kanpalekuan. “Zorte kontua baita”, eta horregatik “erne” ibiliko dira eguraldi egokiaren zain. Iaz, esaterako, udaberrian lauzpabost espedizio baino ez ziren Manaslu tontorrera heldu.
Udazkenean joan ohi da jende gehien. Jende “larregi”, eta pilaketatik ihes egin nahian hautatu du Juanraren taldeak udaberria.
Maiatzaren erdialdean, 8tik 15era, aklimatazioa eginda egongo da laukotea, kanpaleku nagusian finkatuta. Tarte horretan baldintza klimatologikoak egonkorrak izan ohi dira Himalayan, “tontor asko egiteko astea da”. Eguraldia lagun izanez gero, gailurrerako “saiakera serioa” egingo du Juanraren kuadrillak.
Taldekideek ez dute oxigenorik erabiliko. “Mendiak emandako baldintzekin egingo dugu gora. Politena baldintza horiekin igotzea da”, Juanraren hitzetan. Everesten erabili zuen oxigenoa, baina gainerako zortzimilakoetan ez.
Manaslu, zapalduz gero, bere seigarren zortzimilakoa izango du Cho Oyu (2003) Broad Peak (2007), Everest (2008), Gasherbrum I (2011) eta Shisha Pangmaren ostean (2015). Beste bat gehiagorekin, ‘zenbat egin dituzu’ galdetzean, munduan dauden 14 zortzimilakoen “erdiak” erantzungo luke. Baina banaka egin behar da aurrera, eta ‘dozena erdi’ erantzutea izango da hurrengo pausoa.
Animoa Mikelentzat
Azken egunotan, lagun baten bidez, familia batekin egin du harremana Juanrak. Mikel 10 urteko semea gaixo duen familiarekin. Endekapenezko gaixotasun arraro bat du Mikelek, dravet izenekoa.
Konbultsioengatik “ahalegin fisiko harrigarria” egin behar du Mikelek bere egunerokoan. Horregatik oxigenoa behar du. Mediku batek gurasoei esan zienez, ‘zuen semeak egunero Everest mendia igotzen du’. Konparazio “polita eta dramatikoa” iruditzen zaio Juanrari. “Berak gaixotasun larri bati aurre egin behar dion bezala, guk ere aurre egin beharko diogu mendi handi bati. Parean egongo gara”.
Mendizalea da Mikelen aita, eta espedizioaren berri izan duenean eskari berezia egin dio Juanrari. Berak eta beste askok bultzatzen duten Desafía dravet egitasmoaren berri zabaltzeko eskaria, hain zuzen ere. Horrela bada, Desafía dravet dioenkamiseta eramango dute soinean Juanra eta lagunek Himalayan eta, ondo bidean, Manasluko tontorretik animo mezua bidaliko diote Mikeli. “Ea gure indarra heltzen zaion gaixotasunari aurre egiteko”, dio Juanrak. Espedizioko kideak ideiarekin “hunkituta” daudela aitortzen du.
Desafía dravet egitasmoarekin hartu duten konpromisoaren erakusle, egitasmoak Facebook sare sozialean duen profilean zabalduko dute Manaslu 2017 espedizioaren berri Juanra, Juan Carlos, Jorge eta Syvainek. Satelite bidezko telefonoaren bidez mezuak bidaliko dituzte eta, “gure ideia ondo ateratzen bada, puntara iristean Mikeli deituko diogu”.