Parodia horretan, erakundeek herritarren zergen zati bat nola erabiltzen duten irudikatu dute, errenta-aitorpenean bildua, "bidegabe eta kaltegarriak diren hainbat helburutarako, hala nola gastu militarrerako, AHT eta antzeko makroazpiegituretarako edo banku-erakundeak erreskatatzeko".
Euskadiko eragozpen fiskalerako plataforma "harri eta zur" azaldu da gastu militarren igoera "zentzugabea" iragartzen duten berriekin, "beste ministerio batzuetan ez bezala, dagoneko aski eta sobera kaltetutako Hezkuntza Ministerioan edo Osasun Ministerioan kasu". Plataformako kideen arabera, "gobernua Pentagonoarekin negoziatzen ari da, demokrazian gastu militarrak izan duen igoerarik handiena ezartzeko, inoiz ez bezalako gastu-igoera bat eginez, eta beldurraren eta gorrotoaren kultura elikatuz, gainera".
"Diru-kopuru eskerga hori gure zergetatik ateratzen da", adierazi du plataformako ekintzaile batek, "horregatik, urtero Eragozpen Fiskaleko bulegoak zabaltzen ditugu hiru lurraldeetan, eta haietan, batere kosturik gabe, bidegabekeria horri desobeditzen laguntzen diogu jendeari; hala, aukera ematen diegu beren zergen zati bat alternatiba eraldatzaile eta solidarioak eraikitzen lan egiten duten beste ekimen sozial batzuetara desbideratzeko".
Plataforman eragozpen fiskala defendau dute, "modu pertsonalean zein kolektiboan ahalduntzen gaituen tresna bat delako, bai eta gizarte bidezkoago baten eraikuntzan protagonista izatea ahalbidetzen digun tresna bat ere".
Honako hauek dira Euskadiko eragozpen fiskalerako plataforma osatzen duten antolakundeak: KEM-MOC Bilbo, SETEM Hego Haizea, Ekologistak Martxan, Kakitzat, ESK Sindikatua, Mundubat, Mugarik Gabe eta Euskadiko FIARE Proiektua Babesteko Elkartea.