Jokin Alberdi: “Iraganeko eta gaurko ‘Gernika’ guztien omenez bi egun antolatu ditugu”

uriola.eus 2017ko api. 6a, 10:00
Jokin Alberdi

Une honetan, “inoiz baino gehiago, behar-beharrezkoa da” Gernikan gertatutakoaren “memoriari bizirik eustea” eta gaur egun milioika pertsona ihes egitera behartzen dituzten “beste ‘Gernika’ horietan gertatzen dena geldiaraztea” Ongi Etorri Errufuxiatuak Bizkaia plataformako kide Jokin Alberdiren esanetan. 

Apirilaren 29 eta 30ean Ongi Etorri Gernika 2017 goiburupean bi eguneko egitaraua antolatu du, besteak beste, Ongi Etorri Errefuxiatuak Bizkaia plataformak. Zer dela eta?

Joan den irailean, Ongi Etorri Errefuxiatuak Bizkaia plataformaren ikasturteko erronkak antolatzeari ekin genion. Gernikaren bonbardaketaren 80. urteurrena aukera polita izan zitekeela pentsatu genuen. 1937an faxismoak Gernika bonbardatu zuen, ankerkeriaz, modu basatian. Gaur egun, Europako mugetan gertatzen ari dena historiako beste sarraski handi bat da. Ezin gara besoak gurutzatuta geratu, ez horixe! Izan ere, uste dugu salaketa politikoa dela pertsona guztientzako justizia eta duintasuna lortzea ahalbidetzen duen aldaketaren eragilea. Ezin dugu onartu mugak milioika pertsona atxilotzeko, gizatasuna kentzeko eta hiltzeko leku bihurtzea. Ildo horretan, jendea biltzeko helburua duen ekimena lantzen hasi ginen. Elkarretaratzeetan edota manifestazioetan bildu ohi garenok ez ezik deialdi irekiagoa egitea pentsatu dugu haratago joateko. Hortaz, apirilaren 29 eta 30ean Ongi Etorri Gernika 2017 ekimena antolatu dugu eta uztailean Mellirako karabana, hegoaldeko mugara.

 

Uneotan Gernikako ekimenaren antolaketan buru-belarri ari zarate. Zeintzuk dira zailtasun nagusiak?

Azaroan hasi ginen prestatzen, elkarteen artean batzarrak egiten Gernikara begira, eta Bizkaiko Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformaren barruan batzordea sortu genuen espresuki horretarako. Ordutik lanean ari gara, astiro, elkarte oso desberdinek parte hartzen dugulako, eta horrelakoetan erabakiak hartzea ez delako erraza. Gainera, ez dakigu 5.000 edo 15.000 pertsona hurbilduko diren, beraz logistika konplexua da.

 

Bilboko auzoetan Gernikako ekitaldien berri zabaltzen ari zarete.

Gernikako programa behin erabakita hiri eta herrietatik Gernika joateko ibilbideak antolatzen hasi gara. Zutabeak martxan jartzen. Bilboko auzoekin sarea egiten joan da, ia-ia auzo eta Bizkaiko eskualde gehienetan mugitu gara.   

 

Zutabeetan antolatu zarete. Zergatik?

Gernikaraino elkarrekin joateko, oinez, trenez, bizikletaz... Nondik irten eta non elkartu adostu dugu, bideak zeintzuk izango diren. Denok batera heltzeko, apirilaren 29an 16:00etan,  eta denok batzeko 17:00etan Gernikako pasealekuan. Logistika lotzeak lan handia eragin digu, lotarako lekuak lotzea, batik bat. Adibidez, herri batzuetatik ostiralean irtengo dira, eta horietako batzuk lotarako lekua izango dute Larrabetzun edota Zornotzan. Esaterako, Iruñetik inork etorri nahi badu Zornotzara etor daiteke eta Gernikarainoko azken kilometroak egin ditzake.

 

Zelako jarduerak izango dira Gernikan apirilaren 29an?

Astra lantegi zaharreko sirenak joko du jende-zutabeak isiltasunean sartzen diren bitartean. Iraganeko eta gaurko ‘Gernika’ guztien omenezko ekitaldi hunkigarri bat egingo dugu. Ekitaldi nagusian protagonismoa errefuxiatuek eta bonbardaketan bizirik irten zirenek izango dute. Egoera ezberdinetako errefuxiatuek, bere lekukotza utziko dute. Ostean ekintza akademiko eta politikoa ere izango da eta ondoren jolas eta kultur jarduerak, esaterako, musika kontzertuak.

 

Uruguaiko presidente ohi Pepe Mujica gonbidatu duzue ekitaldira.

Bere atzetik ibili gara, baina ez dugu lortu. Giza eskubideen eta bakearen mundu-mailako beste erreferente batzuk bertaratuko direla aurreikusten dugu. Hasierako hitzaldia Piedad Cordoba abokatu eta politikari kolonbiarrak eskainiko du. 2009ko Bakearen Nobel Sarirako hautagai gisa proposatu zuten.

 

Apirilaren 30ean, igandean, zer izango da?

Gaikako tailerrak eta esperientzia-mahaiak egingo dira: babeserako eskubidea; antimilitarismoa; feminismoa; faxismoari eta arrazakeriari ez; antikapitalismoa; harrera-esperientzia; hegoaldeko muga; desobedientzia. Horien guztien helburua izango da hainbat esperientzia, konpromiso eta gizarte-borroka ikusgai jartzea, eta gerturatzen diren mugimendu eta elkarteen artean sareak eraikitzen jarraitzea. Domekan ekitaldi berezi batekin eman nahi diogu asteburuari agurra.

 

ongietorrierrefuxiatuak.info/gernika2017/eu