Aleporako Martxa Zibila ekimenaren helburua da "gatazka honen aurrean herritarren mobilizazio aktiboa ikusaraztea, Sirian gerra bukatu eta pasabide humanitario seguruak ireki daitezen eskatzeaz batera". Milaka lagunek egin dute bat ibilbidearen punturen batean, Siriara oinez iristea eta bidean zehar beren aldarrikapenak zabaltzea xede.
Serbia martxak zeharkatuko duen zazpigarren herrialdea da, Alemania, Txekiar Errepublika, Austria, Eslovenia, Kroazia eta Bosnia-Herzegovina ondoren. Antolakuntzaren asmoa da Alepora (Siria) urrian heltzea, Serbia, Mazedonia, Grezia eta Turkia zeharkatu ostean.
2016ko abenduaren 26an, Aleporako Martxa Zibila abiatu zen, Berlinetik, errefuxiatuek Siriako mugaraino oinez egiten dituzten 3.000 kilometroak sinbolikoki eta alderantziz egiteko. Ana Elena Altunak eta bere alaba Naimak, Ongi Etorri Errefuxiatuak Plataformako aktibistak eurak, martxa haren lehenengo etapetan parte hartu zuten, "siriarrei beren babesa agertzeko eta sufritzen ari diren krisiaren aurrean euskal herritarrok ez gaudela axolagabe adierazteko".
Apirilean, Gernikako bonbardaketaren 80. urteurrenaren harira errefuxiatuei babesa agertzeko Euskal Herriko eta beste erkidego batzuetatik herri bizkaitarrerantz abiatuko diren martxetan parte hartu aurretik, Ana Elenak berriz hartuko du parte, bere alabetako beste batekin, Aixarekin, batera, Aleporako Martxa Zibilean, Serbian zehar.
Gernika 2017
Milaka pertsona Euskal Herritik eta beste erkidego batzuetatik zutabetan banatuta abiatuko dira, apirilaren 28an eta 29an, oinez, bizikletaz eta garraio publikoan, eta Muxikan bilduko dira 29an, larunbatean, arratsaldeko 16:00retan. Handik, zutabe nagusiak oinez egingo ditu Gernikarako azken hiru kilometroak, eta isilik sartuko da herrian Astrako sirenaren hotsa entzun bitartean, duela 80 urte bonbardaketa iragarri zuen sirena haren beraren hotsa, hain zuzen. Harrera egiteko eta ongietorria emateko ekitaldiaren ostean, jarduera-egitarau osatu eta zabala (hitzaldiak, gaien araberako tailerrak, esperientzia-mahaiak, kultur-, jolas- eta festa-jarduerak) garatuko da asteburu osoan.
ongietorrierrefuxiatuak.info/gernika2017