Turismo Bulegoetan begi bistan ikusi da Bilboko Aste Santuak eta aipatutako ekitaldiak izandako erakarpen turistikoa. Ostegun Santutik Pazko astelehenera, 10.719 pertsonari eman zitzaien arreta Bilboko Plaza Biribilean nahiz Guggenheim Bilbao Museoan dauden Informazio-Bulegoetan; horrenbestez, %5,48ko igoera egon da iazko edizioarekin alderatuz.
Nabarmendu beharra dago Bilboko Aste Santua handitzen ari dela oporraldi gisa. Gauzak horrela, Aste Santuaren aurreko larunbatetik (apirilaren 8tik) Asteazken Santura (apirilaren 12ra) emandako arreta-kopurua %26an handitu da, aurreko urteko aldi berarekin alderatuta.
Aste Santuan egon den turismoa estatu mailakoa izan da gehien bat, Europako beste herrialde batzuetan existitzen ez den oporraldia baita. Turismo Bulegoetan arreta jaso duten pertsonen %68 espainiarrak izan dira, eta %28, berriz, atzerritarrak. Nazioarteko merkatuak %46,4ko gorakada izan du, 3.011 bisitariri eman baitzaie arreta.
Autonomia erkidegoka, lehen tokietan hauexek egon dira: Katalunia, Madril, Valentzia, Galizia eta Gaztela eta Leon. Aurten, Kanarietako turista asko etorri dira Bilbora beren futbol-taldea San Mames zelaian animatzeko eta, bide batez, jaialdiaz gozatzeko. Herrialdeka, Frantzia izan da turista gehien igorri dituen herrialdea eta horren atzetik, Erresuma Batua, Alemania eta Italia egon dira; aldi berean, Argentina nahiz Ameriketako Estatu Batuetako turista gehiago etorri direla erregistratu da.
Arrakasta handia Areatzako jardueretan: 'Gourmet', 'Sport' eta 'Market'
Agerian geratu da euskal gastronomia eta enologia jaialdiko erakargarri handietako batzuk izan direla. 'Gourmet' atalak 45.940 pertsona bildu ditu guztira, proposamen desberdinetan: 'Txoko Gourmet y Destinos Basque' (Areatzan), 'Txakoli & Music' (Euskal Museoan) eta 'Basque Fest Gastronomy' tailerrak. Euskal Autonomi Erkidegoko tokiak eta produktuak sustatzeko erakundeen arteko apustuaren alde egin duten hamabi euskal leku turistikoek antolatutako 36 express dastatze hartu zituen 'Txoko Gourmet' karpak. Zehazki, 2.160 pertsonek dastatu zituzten kalitate handiko euskal produktuak, doan.
Areatzako pasealekua jaialdiko toki nagusienetako bat izan da, eta honakoak gauzatu dira bertan: 'Txoko Gourmet' ataleko esperientzia gastronomiko nahiz enologikoak, 'Sport Basque Fest' delakoan burututako herri-kirolen erakusketak eta 'Enkarterri Fashionbox' izenekoan antolatutako 'Market' delakoa.
Euskal kiroleko ikusgarritasunak eta kirol-jarduera desberdinen partaidetzak 7.645 pertsona bildu zituzten. Areatzean bertan, 'Market' atalak 'Enkarterri Fashionbox' ekimenarekin liluratu zituen bertaratutakoak, Bizkaiko diseinatzaile gazteek egindako lanaren erakusketa aurkeztu baitzen. Proposamen berritzaileek modako jantziak eta osagarriak erosi zituzten ehunka pertsona erakarri zituen.
Kalea animazioz betetako eszenatoki bilakatu da
Toki mugatuak zituzten jarduerek "beteta" zihoen kartela zintzilikatu behar izan dute edo oso gutxigatik ez dira bete. Hori gertatu da, besteak beste, jarduera hauetan: express-dastatzeak, antzerki bihurtutako itsasontzi-paseoak itsasadarrean zehar, Bilborockeko bakarrizketak eta Azkuna Zentroko haurrentzako antzerkia. Horrez gain, animazioa eta kultura hiriaren toki askotara heldu da, besteak beste, honako hauetara: Alde Zaharra, Guggenheim Bilbao Museoa, Ledesma, Pozas, Garcia Rivero eta Martzana kaia. Gainera, eragin-erradioa Artxandaraino zabaldu du, guztiok ondo ezagutzen dugun aisiarako eremuraino, hain zuzen.
Kaleko animazioa ere ekimenaren protagonistetako bat izan da; izan ere, 12.000 bilbotar eta turistek izan dute kaleko animazioaz gozatzeko abagunea. "Anfitrioiek" ikuskizunez, historiaz eta umorez bete dituzte Alde Zaharreko kaleak. Bestalde, itsasadarrean zehar egindako antzerki bihurtutako itsasontzi-paseoek arrakasta itzela lortu dute beste behin. Guztira 1.730 pertsonek izan dute ibilbideaz eta 'Mirentxu' eta 'Begotxu' pertsonaia bitxiez gozatzeko aukera.
Ia 6.000 pertsona Azkuna Zentroan, Plaza Barrian, Bilborocken eta Artxandan
Azkuna Zentroan, Plaza Barrian, BilboRocken eta Artxandan egindako jarduerek 5.880 pertsona erakarri zituzten. Azkuna Zentroa Urko, El Capitan Elefante, Ankenai eta White Towels Blues Band taldeen kontzertuen eszenatoki bilakatu zen; bertan, 1.650 pertsona bildu ziren. Plaza Barria txiki geratu zen erromerien eta Gernika ikuskizunaren inguruan bildu ziren 3.300 pertsona inguru hartzeko; Basque Fest jaialdirako berariaz antolatuak.
Guztira 480 pertsona bertaratu ziren BilboRockera Euskaldunok ere badakigu barre egiten bakarrizketekin dibertitzeko. Artxanda arrakastaz batu zaio jaialdiari; izan ere, igandean, hilaren 16an, 450 parte hartzaile bildu zituen erromeria bizi baten eszenatoki bilakatu zen. Artxandak aurten egin du bat aurreneko aldiz Basque Fest jaialdiarekin. Bertan egin den erromeria asko estimatu zuten turistek: euskal sagardoa dastatzez gain ez zuten galdu bilbotarrekin batera dantza tradizionaletan parte hartzeko aukera.
Bestalde, Kafe Antzokiak, 'Basque Fest rock city' izeneko ekimena antolatu du beste behin. Rock-and-rollez betetako lau jardunaldietara genero horren 1.300 jarraitzaile baino gehiago bertaratu ziren.
Lankidetza publiko pribatua eta Metro Bilbaoren gaueko zerbitzua
Ekimenaren arrakastak zerikusi handia du Bilboko Udalaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko lankidetzarekin; erakunde horiek, gainera, ondokoen babesa ere jaso dute: BilbaoCentro, BilbaoDendak eta Casco Viejo-Zazpi Kaleak dendarien elkarteak; Bizkaiko Ostalaritzako Elkartea; eskualde turistikoak, enpresa pribatuak eta kultura eragileak.
Erakundeen arteko kooperazioaren eta lankidetza publiko pribatuaren adibide honi dagokionez, azpimarratu beharra dago, jarduera guztiez gozatzeko aukera emate aldera, aurten Metro Bilbaok zerbitzua luzatu duela; hala, aurreneko aldiz gaueko zerbitzua eskaini du goizaldeko ordu biak arte, ostiralean eta larunbatean.
Basque Fest, hiriarentzako kultura eta jarduera ekonomikoa
Basque Fest, beste behin, hiriaren motor dinamizatzaile eta ekonomikoa izan da Aste Santuan zehar; horrez gain, bisitarien eta herritarren artean euskal kultura sustatzeko balio izan du. 230 establezimendu baino gehiagok —jatetxeak, tabernak, gozotegiak eta denda espezializatuak— ateak ireki eta jaialdiarekin lankidetzan aritu dira; gainera, euskal turismoaren erakargarritasun nagusietako baten irudi ezin hobea eman dute: gastronomia.
Kulturaren eta abangoardiaren jaialdiaren antolakuntzak zerbitzuen eta produkzio teknikoaren arloan 60 enpresa kontratatzea ekarri du. Jardueren garapenean, programazio artistikoa eta Herri Kirolak barne, 400 pertsona ingururi lana eman zaie.