Junior Gizonezkoen Espainiako Saskibaloi Txapelketarako taldeak antolatu dira Bilbon

uriola.eus 2017ko api. 18a, 10:00

Junior Gizonezkoen Espainiako Kluben Txapelketa apirilaren 30ean hasiko da, Bilbon. Txapelketa horretan estatu mailako 32 talderik onenak bilduko dira. Horiek guztiek sailkapena eskuratu dute autonomia mailako lehiaketetan, eta euren balioa arerioen aurrean erakusten saiatuko dira Bizkaiko hiriburuan. Lehiaketa horri esker, hiria berriz kokatuko da kirol-ekitaldi nagusien lehen lerroan.

Orain dela gutxi jakinarazi dute Bilbon egingo direla datorren urteko errugbiko Challenge Cup eta Champions Cup lehiaketen finalak, eta hiriak arreta jarrita du 2020ko futboleko Eurokopan. Nolanahi ere, oraingoan estatu mailako saskibaloi-harrobi onenen txanda dugu, zeinetan kirol honen etorkizuneko izarrak prestatzen ari diren. Txapelketa horren bidez, Udalak berriz jarri du agerian izen handiko kirol-ekitaldiak erakartzeko bere apustua. Izan ere, horiek jarduera-sektore ugariren ekonomia-eragile suertatzen dira, milaka bisitari ekartzen dituzte eta Bilboren irudia kanpoan proiektatzen dute antolaketa-erronka handiei aurre egiteko gai den hiri gisa, kirolaren, hobetzearen eta esfortzuaren baloreetara lotutakoa.

Txapelketaren dinamika eta topaketen lekuak

Aurreko Fasea da txapelketaren lehenengoa, eta apirilaren 30etik maiatzaren 2ra bitartean egingo da. Horretan, 4 taldetako 8 multzotan banatuko dira taldeak. Txapelketa ligako sistemaren arabera antolatu da, hau da, talde bakoitza gainerako guztien aurka arituko da. Zein multzotan dauden arabera, talde 1, 2 edo 3 sailkatu ahalko dira final-zortzirenetarako. Aurreko Faseko partidak leku hauetan jokatuko dira: Txurdinagako kiroldegian, Rekaldeko kiroldegian eta La Casilla kiroldegian.

Fase horretan 16 talde sailkatuko dira, eta kanporaketak jokatuko dituzte ondoren, maiatzaren 3tik 6ra. Garaileek aurrera egingo dute, galtzaileek, ordea, agur esango diote titulua irabazteko aukerari. Final-zortzirenen topaketak La Casillan eta Bilbao Arenan izango dira, eta Final-laurdenetatik aurrera, partida guztiak Bilbao Arenan jokatuko dira.

Bizkaiak ordezkaritza izango du 32 talde horien artean: Bilbao Unamuno Euskadiko bigarren sailkatua izan da eta estatuko titulua lortzeko lehiatuko da. Beste bi euskal talde ere izango dira Bilboko hitzorduan: Easo eta Fundación 5+11. Madrilgo eta Kataluniako finalak oraindik egin ez diren arren, aurreikusten da estatu-mailako eskubaloi-harrobi handiak ere bertan izango direla; hots, Real Madrid, FC Barcelona eta Joventut y Estudiantes, besteak beste.