Guztira, 107 neskato-mutiko dira tailerrotan zientziaren oinarriak ikasten ari direnak. Eskainitako plazen %90 bete da eta aurten ere harrera ona izan dute 8 eta 11 urte bitarteko bilbotarren artean. Zientziari buruzko tailerrok apirilaren 18an, 19an eta 20an dira, arratsaldez (16:30-19:30) egiten ari dira.
"Eureka" lelopean, Bilboko Udaleko Gazteria eta Kirol Sailak antolatutako programaren barruan zientziaren oinarriak azaltzen saiatuko dira; horretarako, eguneroko elementuak erabiliko dira, esaterako, limoia, ziazerbak edo aluminio-papera, betiere modu dibertigarrian eta harrigarrian ikasiz eta gozatuz.
Hiru orduko saioak dira, hiru zatitan banatuta: lehenengoan esperimentuak egingo dituzte partaideek; bigarrenean, ikuskizun bat abian jarriko dute eta azken zatian, jostailu zientifiko bat egingo dute.
Esperimentazioa
Lehenengo zatian bost esperimentu egingo dira, zientziaren oinarriak zeintzuk diren ikasteko, eguneroko bizimoduan ditugun arren, askotan konturatu ere ez gara egiten.
• Limoizko pila: limoia errezeta askotan erabil daiteke. Baina, honakoan, kalkulagailuak, iratzargailuak eta beste gailu batzuk abiarazteko erabiliko dugu.
• Ziazerben kolorea: Zerk ematen die ziazerbei kolore berde hori? Klorofilak. Laborategiko kromatografia teknikaren bidez jakingo dute hori umeek.
• Jausgailu zientifikoa: Fisika dela-eta pertsonek ezin dute hegan egin baina esperimentu honen bidez, engainatzen saiatuko gara, aluminio-paper erroilu bat erabilita.
• Mezu ezkutua: Partaideek zenbait truko ikasiko dute; hain zuzen ere, sukaldeko elikagaien erreakzio kimikoei esker, mezuak zifratu ahal izango dituzte, eurek nahi duten pertsonek, eta ez beste inork, irakur dezaten, pasahitza emanda.
• Etxean egindako su-itzalgailua: Ozpina eta bikarbonatoa erabilita, kandelak amatatzen ikasiko dugu.
Ikuskizuna: 'Fotoiaren bidaia'
Atal honetan, umeek zientzialari-laguntzaileak izango dira. 'Fotoiaren bidaia' ikuskizunaren bidez, argia zer den eta argiaren ezaugarriak zeintzuk diren ikasiko dute, "uhin" kontzeptua azalduta eta argiaren ezaugarriak eta propietateak aztertuta, islatzea eta errefrakzioa, kasu. Ispiluak lagun, superboterea izango dugu, hegan egiteko edo objektuak desagerrarazteko ahalmena. Amaitzeko, laserra erabilita argi-esperientziak bizi eta koloreetako garrak sortuko ditugu…
Do it yourself
Tailerron azken zatian jarduera bi egiten dira. Batetik, neskato-mutikoek pendulu erraldoi bat eraikiko dute, marrazki erraldoiak egin ahal izateko eta, bestetik, jostailu zientifikoa egingo dute, barnean duen motorrari esker, laguntzarik gabe margotzen duena. Etxean jostailuarekin jolasten jarraitu ahal izango dute.
Aste Santuan 327 neskato eta mutiko Guneberrin eta Kideberrin
Udalak Guneberri (5 eta 8 urte bitarteko umeentzat) eta Kideberri (9 eta 11 urte bitartekoentzat) programak antolatzen ditu Aste Santuko oporraldirako; aurten, eskainitako lekuen % 95 bete da, guztira 427 umek eman du izena.
Programa horien bidez, alde batetik, Bilboko Udalak familiaren eta lanaren kontziliazioa bultzatzen du eta, bestetik, umeei aukera ematen die gaitasun eta jolas berriak ezagutzeko eta euren inguruko beste ume batzuekin harremanak egiteko. Jarduerak euskaraz eta gaztelaniaz egingo dira, ohiko hizkuntza euskara izango den arren, eskolaz kanpoko eremuetan euskararen erabilera bultzatze aldera.
Programa horiek apirilaren 18tik 21era, goizeko 10:00etatik 13:00etara bitartean, egingo dira udalerriko zortzi barrutietan, hain zuzen ere, udaltegi hauetan: Deustu, Castaños, Otxarkoaga, Begoña, Zazpi Kaleak, Irala eta Zorrotza. Gainera, Sánchez Marcos ikastetxea ere erabiliko da.