Udalak %14,4 igo zuen birziklatze-tasa 2016an. Era guztietako gaietan –piletan izan ezik, horiek jasotzeko denda eta saltokietan gero eta puntu gehiago dagoen arren- handitu da. Aipatzekoa, edukiontzi marroira botatzen direnak %250eko igoera izan zutela. Gai organikoak modu selektiboan jasotzeko partaideen kopurua hazi egin da: 2.500 ziren lehen eta 6.500 orain, 2016an edukiontzi marroiak jarri zirelako 2. eta 3. barrutietan eta 4. barrutiko toki batzuetan. Bilakaera positibo horrek goranzko joerari eutsiko dio datorren urtean, edukiontzi marroia uriko barruti guztietan jartzen dutenean. Etxetresna elektrikoen eta elektronikoen birziklatzea %77 hazi zen iaz, jarduera ekonomikoa areagotu izanaren adierazle.
Hondakinen pisuaren araberako garrantzia neurtuta, igoerarik handienak ontzien (+ %2,72), beiraren (%2,21) eta papera-kartoiaren (%2,92) bilketetan gertatu dira. Hain zuzen ere, Udalak adierazi duenez, horien birziklatze-tasa hobetzeko ahalegina egiten jarraituko du. Laster esleituko den zerbitzu berriarekin lotuta, hiri guztian dauden ontzien formula aztertuko dute, bilketen kopuruak hobetze aldera.
Birziklatze-tasak igo izanak badu beste arrazoi bat ere, zabor asko sortzen dutenentzako gaika eta atez ate biltzeko zerbitzua sustatu izana (kartoia, gai organikoak, EPSak…). 2017ko hasieran, gaika biltzeko zerbitzura batu dira udal merkatuetako zenbait jatetxe eta fruta-denda.
Bilbo, birziklatzea eta edukiontziak
Inguruko hiriekin eta estatuko beste erkidego batzuekin alderatuta, hemengo azken urteotako birziklatze-tasak, gaika biltzen diren hondakin guztietarako balio altuagoak erakusten dizkigute. Zehatzago esateko, Bilbon emaitza onak lortzen ari dira bilketa zerbitzua finkatuta daukaten hondakinetan, batez ere paper eta kartoietan eta ontzietan.
Bestalde, esan beharra dago Bilbo gomendatutako edukiontzi-ratioaren barruan dagoela duela zenbait urtetik hona. Hauek dira ratioak:
•Gainerako frakzioaren ratioa: 127 biztanle/edukiontziko
•Ontzien ratioa: 243 biztanle/edukiontziko
•Kartoien ratioa: 298 biztanle/edukiontziko
•Beiraren ratioa: 327 biztanle/edukiontziko
•Olioaren ratioa: 2562 biztanle/edukiontziko
Otsailean, Bilboko Udalak, birziklatzearen aldeko politikari eta ahaleginari esker, '2017ko paper-txori urdinak' saria jaso zuen, papera eta kartoia beste hondakin batzuetatik bereizirik jasotzeko egiten duen lan bikainagatik. Saria Paper-ore, Paper eta Kartoiaren Fabrikatzaileen Espainiako Elkarteak (Aspapel) ematen du.