Bilboko Udala lanean ari da 2018an Bilbo umeekin hiri adeitsua izan dadin. Aitorpen honen bidez, UNICEFek herri eta hiriek umeen eta nerabeen alde egiten duten lana balioesten du.
Nazioarteko proiektu horren harira, apirilaren 25etik 27ra bitartean, 150 adingabek baino gehiagok Udalari haurren eta nerabeen errealitateari buruzko diagnostikoa egiten lagunduko dioten dinamiketan parte hartuko dute. Batetik, Bilbo aztertuko dute: zelan ikusten duten haiek hiria, nola erabiltzen duten eta bestetik, nolakoa litzatekeen haien Bilbo "ideala". Jarduera honetan jasotzen diren iritziei barrutietako umeek eta nerabeek egindako 2.000 inkestetan jasotako emaitzak batuko zaizkie.
Udaleko Gizarte Ekintza saila harremanetan jarri da uriko ikastetxe guztiekin, haurren eta nerabeen errealitateari buruzko diagnostikoa egiten laguntzeko. Adin txikikoen iritziarekin eta esperientziarekin, Udalak haurren eta nerabeen arloko politikak hobetu nahi ditu.
Haurren eta nerabeen Udal Kontseilua
Era berean, programa honetan lagundu nahi duten ikastetxeetako umeek, Haurren eta Nerabeen Udal Kontseiluko kideak aukeratuko dituzte udazkenean, horretarako abian jarriko den parte-hartze bidezko prozesuan.
Hain zuzen ere, haurren eta nerabeen partaidetzarako organo bat sortzea izan da Udalak proiektu honetan hartutako konpromisoetako bat eta, izan ere, Haurren eta Nerabeen Udal Kontseilua sortzearen aldeko apustua egin du; organo iraunkorra izango da, umeek eta haurrek parte hartu eta ordezkaritza izango dutena. Horren harira, 2016ko urriaren 27ako udalbatzarrean, kontseilu hori eratzea erabaki zuten.
Kontseiluaren buru Juan Mari Aburto izango da eta lehenengo oso bilkura azaroaren 20an egingo dute, Umeen Eskubideen Nazioarte Egunean. 1959ko egun horretan, NBEko Batzar orokorrak Umeen Eskubideen Adierazpena onartu zuen. Oso bilkura horretan amaituko da parte-hartze bidezko prozesua eta horretaz gain, UNICEFen aurrean 2018an Hiri Adeitsua Umeekin zigilua lortzeko baldintza betetzen duela ere ziurtatuko dute egun horretan.
Haurren eta Nerabeen Udal Kontseilua erraz arautzeko, udal arautegia onartu behar da. Arautegian Kontseiluaren funtzionamendurako ezaugarriak eta kontseiluaren eginkizunak zehaztu eta kontuan hartuko dira kontseiluko kideen iritzia eta parte-hartzea (kide gehienak umeen ordezkariak dira).
Neskato-mutikoek kontseiluan izango duten parte-hartzea antolatze aldera, ikastetxeetan bozketak antolatuko dira ordezkariak aukeratzeko. Ikastetxeen lankidetza funtsezkoa da 'Bilbo, Hiri Adeitsua Umeekin' proiekturako eta horregatik, datozen egunetako prozesuan –umeen 45 ordezkari aukeratuko dira- parte hartzera ere gonbidatuko zaie.
Bilbo, hiri adeitsua umeekin
Udalaren 2015-2019 aldirako Gobernu Planaren konpromisoetako bat UNICEFen 'Hiri Adeitsua Umeekin' onarpen-zigilua lortzea eta programari eustea da. Alkateak berak esandakoaren arabera, honako hau aukera ezin hobea da udalaren politiketara umeen begirada gehitu eta umeen, nerabeen eta helduen arteko ikaskuntza kolektiborako espazioak sustatzeko.
Urriaren 15ean, Bilbok Umeen Udalerri Aliatuaren aitortza jaso zuen. Une horretan eta 2018ra arte,'Hiri Adeitsua Umeekin' onarpen-zigilua lortzeko lanean dabil. Denbora honetan, Euskal Herriko UNICEFekin batera lan egin du Udalak komunikazio eta lankidetzarako protokoloa prestatzen. Hari esker, Bilbok aitortzaren zigilua jaso ahal izango du.
Proiektuaren ekintza nagusiak:
- Umeen eta nerabeen aldeko udal planen sorrera sustatzea.
- Udal bizitzan umeen parte-hartzea sustatzea.
- Umeen eta nerabeen eskubideak garatzearen aldeko denetariko udal politikak bultzatzea.
- Herritarren lankidetza eta herri-erakundeen arteko koordinazioa dinamizatzea, politika hauen etengabeko hobekuntzarako eta garapenerako baliabide gisa.
Hamar urte baino gehiago dira 'Umeen Hiri Adiskideen' programa abian jarri zenetik mundu osoan. Haren xedea udal erakundeek 'Umeen Eskubideei buruzko Hitzarmena' delako dokumentuan jasotako Umeen Eskubideak betetzen laguntzea eta umeen eta nerabeen bizi-baldintzak hobetzea, euren garapen osoa bermatuko duten udal politika eraginkorrak sustatuz eta ezarriz, betiere eskubideen ikuspegia ahaztu barik.