Garraio publikoak ingurumenean duen inpaktua murrizteko ekintzak

uriola.eus 2017ko api. 28a, 08:30

Iazko ikasturtean izan zen eskolen osoko bilkuran Eskola Agenda 21eko eskola-umeek ingurumenaren arloan egindako proposamenei eta eskaerei erantzun zien atzo Udalak. Iaz bezala, Eskola Agenda 21eko eskolen arteko foroaren barruan, Bilboko 55 ikastetxe publiko eta pribatutako 165 ikasle eta irakasle bildu ziren Otxarkoaga-Txurdinagako auzo-etxean.

Alfonso Gil Udaleko alkateorde eta Mugikortasunaren Politiken, Etxebizitzaren eta Garapen Osasungarriaren koordinatzaileak banan-banan erantzun die iaz ikasleek hobekuntzarako eskatutako ekintzak, jasangarritasunaren eta biodibertsitatearen arlokoak, horietan ari baita lanean Udala.

Garraio publikoak klima aldaketan eragin txikiagoa izan dezan eta herritarrek ibilgailu pribatua gutxiago erabil dezaten Udalak zer-nolako jarduketak gauzatuko dituen ere ezagutarazi zuen. Alfonso Gilek adierazi zuenez, bere sailean lanean ari dira helburu hauek betetzeko: CO2 emisioak murriztea, Elektrifikazio Plana garatuz (autobus eta bizikleta elektrikoak…), elektrolinerak jartzea, ibilgailuen zirkulazioa moteltzea…

Azken urte hauetan, Udala mugikortasunari buruzko zenbait plan estrategikotan ari da lanean, betiere Bilbo hiri atseginagoa eta jasangarriagoaren alde; hori elementu eraldatzaile nagusitzat jasangarritasuna duen Bilboko Mugikortasun Jasangarriarren Planaren bidez lortu nahi du. Elektrifikatzeko plana eta trafikoa moteltzea ere badira BMJPren helburuak eta horiez gain, ibilgailu pribatuaren zentzuzko erabilerarako aparkalekua erabiltzea eta zamalanak arinago egitea eta uri barruan ibilbide laburragoa egitea lortu nahi da.

Ikastetxeen arteko foroan aurkeztu ziren gaien artean, iaz egindako eskarien jarraipena egin zen, hau da, zuhaitz espezieen identifikazioa, florari eta faunari buruzko informazio-panelak eta seinaleak jartzea, maskoten adopzio arduratsua -arreta eman eta zaintzeari dagokionez- sustatzea eta ibaiaren mantenimendua, hondakin-urak kontrolatuz.

Programaren jardunaldi teknikoan 'Bilbo: nola prestatu klima aldaketarako, osasuna hobetuta' gaiari ekin zioten eta horretarako, Ramon Aldamiz-Echevarria Giro Sanitateko eta Hiri Higieneko Sailataleko burua eta Enrique Rincon Ingurumeneko zuzendariordea izan ziren bertan. Ondoren, ikasle, irakasle eta Udaleko teknikariek eztabaidatzeko denbora izan zuten.

Foroa burutzeko, Marta Olazabal BC3ko ikertzailearen dinamika bat egon zen; erresilientzia urbanoari buruzko aurkezpen bat egin zuen, irakasleen eta Udaleko teknikarien arteko elkarrizketaren aurretik.

Topaketa amaitzeko, Lehen Hezkuntzako, Bigarren Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako ikasleek proposamen berriak egin zituzten, bai eta 2030erako nahi luketen Bilbo ere. Proposamen horiek ekainean egingo den eskolako osoko bilkuran aurkeztuko dituzte.

Esko Agenda 21

Udalak eta Eusko Jaurlaritzak sustatzen dute Bilboko Eskola Agenda 21 programa. Eskola Agenda 21ek hezkuntza komunitatearen konpromisoa eta ekintza plana eskatzen du, hezkuntza zentroko eta bere inguruko ingurumen eta gizarte hobekuntzaren alde.

Ikasturte bakoitzean ingurumen-arloko gai edo problematika baten inguruan antolatzen da programa. Gaia aztertzen dute ikastetxean eta egoeraren diagnostiko bat egiten dute hurbileko errealitatea kontuan hartuta. Azkenean ikastetxearen hobekuntzarako ekintzak zehaztu eta abian jartzen dituzte eta, gainera, Udalarekin bat egiten dute urian arlo horretako hobekuntzak egiteko.