Udaltzaingoan lan egiteko eskaintza publikoaren lehen ariketa maiatzaren 23an izango da

uriola.eus 2017ko mai. 3a, 08:30

Udalak Udaltzaingoko 55 plaza berri betetzeko lan eskaintza publikoaren hautaketa prozesuko lehenengo ariketa deitu du. Guztira 1.744 pertsona onartu dira. Udalaren web orriaren bidez eta Bizkaiko Aldizkari Ofizialen iragarkiak argitaratuta deituko zaie ezagupen teorikoei eta Bilboren gaineko ezagupenak neurtzeko probetan parte har dezaten. Proba horiek maiatzaren 23an izango dira, 10:30etik aurrera, Durangoko Landako Gunean (Landako etorbidea, 6).

Onartutakoen artean, %78,7 gizonezkoak dira (1.372) eta %21,3 emakumezkoak (372). Adinari erreparatuta, berriz, gehienak (%57,2, hau da, 997) 26 urtetik beherakoak dira eta %20,3 (355) 36 urte edo gehiagokoak. Jatorriari begiratuta, %96,50 (1.683) Euskal Herrikoak.

Oposaketaren faseak

Aurrekoetan bezala, Udaltzaingoa agente berriekin hornitzeko lan eskaintza publiko hau oposaketa bidez egingo da. 55 plaza berrietatik 38k derrigorrezkoa dute euskararen 2. hizkuntza-eskakizuna.

Oposaketan parte hartzeko baldintza nagusiak hauek dira: adinez nagusia izatea, Bigarren Hezkuntzako Graduatu (LOGSE), DBH, Oinarrizko Batxilergo, Eskola Graduatu, Lehen Mailako Lanbide Heziketa, Teknikari Laguntzaile titulua edo baliokidea eta B gida-baimena edukitzea.

Hiru ariketa derrigorrezko eta baztertzaile egin beharko dituzte; gainera, borondatezko eta ez-baztertzaileak diren beste ariketa bi izango dira euskara eta beste hizkuntza batzuen ezagutza ziurtatzeko. Honela banatuko dira:

• Test motako azterketa bi (bat ezagutza teorikoena, legeak, udal arautegiak, berdintasuna edo polizia komunitarioari buruzkoa) eta beste bat Bilboko ezagutzari buruzkoa.

• Bigarren azterketan ariketa fisikoak egin beharko dira, malgutasuna edo erresistentziakoak. Horietan gai ala ez gai kalifikatuko dira hautagaiak.

• Pertsonalitateko eta talde-dinamikako ariketa bi eta elkarrizketa pertsonal bat, harremanetarako trebetasuna eta lanerako gaitasunak, enpatia edo ulerkuntza, besteak beste, ziurtatzeko.

Fase hori gainditu ondoren, notarik onenak dauzkaten hautagaiek prestakuntzako ikastaro bat eta praktikaldia egin beharko dituzte Udaltzaingoaren Akademian, ezagutzetan sakontzeko eta laneko zereginak zeintzuk diren ikasteko.

Prestakuntzan eta praktikaldian laneko gaitasunaren inguruan eta zerbitzurako jarreraren inguruan eskuratutako trebetasunak, hautagai bakoitzaren lankidetza, elkarlana edo erantzukizuna ebaluatuko dira, bai eta haien oreka-zentzua eta egokitzeko gaitasuna ere, arriskuko edo estreseko egoeretan, besteak beste.

Informazio gehiago: www.bilbao.eus/e-Udala/OPE/Acceso