Baldintzapean aske utzi dute Plaza Barrian gizon bat erasotu zuen ultra

uriola.eus 2017ko mai. 3a, 18:21
Joan den ostiraleko elkarretaratzea. Arg: Sare Antifaxista

Espainiako Poliziak atzo atxilotu zuen Sevillan joan den ostegunean Athletic eta Betisen arteko partiduaren atarian Plaza Barrian gizon bat erasotu zuen ultra. Gaur behin-behinean aske utzi dute, baina 15 egunean behin Bilboko Auzitegiko 9. Instrukzio Epaitegian agertu beharko du. Sare sozialetan zein foroetan edukiak zabaltzeko debekua eta Sevillatik lehenbailehen alde egiteko agindua ere ezarri diote.

Ertzaintzak erasoa izan zen ostegunean bertan identifikatu zituen ustezko erasotzailea eta bi lagun, bideoa grabatu zutenak. Biktimak haien aurkako salaketarik jarri ez zuenez Ertzaintzak ez zituen hiru identifikatuak atxilotu. Hala ere, hurrengo egunean, apirilak 28, Ertzaintzak hiru ultren aurkako argiketa ireki zuen herritar bati tratu lotsagarria ematea leporatuta, eta erasoaren datuak eta zantzuak biltzeari ekin zion. Besteak beste, erasotzaileek eurek grabatu eta zabaldutako bideoa eta Plaza Barrian 12:45ean zeuden lekukoen adierazpenak aurkeztu zizkion epaileari.

Egun horretan bertan, eguerdian, bi abokatuk Bilboko Guardia Epaitegian salaketa jarri zuten gorroto delitua egotzita Betiseko hiru ultrei.

Asteburua igaro eta hurrengo egunean, aldiz, Espainiako Poliziak atzo atxilotu zituen hirurak Sevillako Benacazon udalerrian. Erasoaren ustezko egilea den M.H.O.-k 28 urte eta 27 aurrekari ditu, tartean homizidioa, atentatua, lesioak eta estortsioa egozten dizkiotelarik. Ustez bideoa grabatu zuenak, S.J.L.M.-k, hiru aurrekari ditu: lesioak, desordena publikoa eta atentatua.

Gaur Sevillako Auzitegiko 3. Instrukzio Aretoko epaileak behin-behinean aske utzi du erasotzailea, honi deklarazioa hartu ondoren. Gorroto delitu baten erantzule den argitzeko agindua eman du epaileak, erasoa sare sozialetan zabaltzeak delitua larriagotzen duela kontuan hartuta.

M.H.O-k, aldiz, adierazi du erasoaren aurretik tabernako terrazan eserita zegoen gizonak eta beste 14 lagunek mehatxatu eta iraindu zutela, “yo soy Gabilondo, españolito de mierda, vete de aquí” esanez. Hala ere, egindakoa “gaizki dagoela” azaldu du. Bere amak publikoki defendatu du, aipatuz bere semea ez dela oldarkorra eta “oso zintzoa” dela.

Gaur Sevillako Auzitegiak ohar bidez jakitera eman duenez, 3. instrukzio epaileak behin-behineko neurriak hartu eta erasotzailea eta bi lagunak aske utzi ditu karguekin. M.H.O.-ri, ustezko erasotzaileari, sare sozialetan eta foroetan edukiak zabaltzeko debekua eta Sevillatik lehenbailehen alde egiteko agindua eman diote, azken hau aurretik egindako delitu baten ondorioz ezarria zuelarik. Gainera, bi delituengatik (bide-segurtasunarekin eta lesioekin lotuta) aurrekari penalak dituen auzipetuak hilean birritan agertu beharko du Bilboko Auzitegiko 9. Instrukzio Epaitegian, izan ere, erasoa Bizkaiko hiriburuan izan zen eta gertatutakoa bertan ikertuko dute.

[2017-04-27] Pertsona bat erasotu du Plaza Barrian ustez Betiseko ultra batek

[2017-04-28] Ertzaintzak ofizioz jardutea erabaki ostean, epaileak erabakiko du hiru ultren gainean