Ekologismoa, sindikalismoa eta feminismoa bezalako mugimenduen arteko "osagarritasuna" azpimarratzeko baliagarria izan zen Nazioarteko III Topaketa Ekosozialista. Mugimendu horiek, elkartu diren "aukera eskas horietan, ibilbide komunak eta borroka berdintsua eramatean ausartu direnean", atzoko aurkezpenean azaldu zutenez, emaitzak "oso baikorrak" izan dira. Topaketen amaieran, partaideek Azkeneko Adierazpena adostu zuten, irekitako bidearekin jarraitzeko oinarrizko erreferentzia.
Atzokoan, zehaztutako konpromisoen jarraipen eta garapena egiteko, Euskal Gune Ekosozialista izeneko espazioa aurkeztu zuten. "Gogoeta, eztabaida eta akziorako gunea" izan nahi duena. Pertsona-talde bat dago espazio horren baitan, bai aktibistak, bai ikertzaileak. Titulu indibidualean parte-hartzea erabaki dute, eta ez erakundeen izenean, "espazio irekia eta plurala" izateko eta eztabaida "aurretiko inongo atxikimendugatik mugatuta ez izateko".
Pertsonak biltzearen bideragarritasuna esploratuko dute eta kolaborazio egonkorra proposatuko dute, bai ezaguera indibiduala, bai inguruneetako eta taldeetako adimen kolektiboa handitzeko xedearekin. Horrela iritsi nahi dute "egunerokotasunean ideiak eta, batez ere, praktika ekosozialistak hedatzera".
Iñaki Barcena, Ana Perez edota Mikel Otero dira Euskal Gune Ekosozialista honetako kide ezagun batzuk. Aurrerantzean, funtsean, "elkartzea, kolaborazioa eta kontrastea" bultzatuko dute hiru oinarrien artean, "ekologismoaren, sindikalismoaren eta feminismoaren artean", alegia. Horregatik lehentasuna emango diote hiru mugimendu sozial horietatik hurbilduko zaizkien pertsonen presentziari. "Egoki ere hartzen dugu, akademiko eta politika eremuetatik, eta bereziki, beste eremu batzuetatik datozen pertsonekin kontatzea", gaineratu dute.
Lan markoa
Lau puntuk osatzen dute Euskal Gune Ekosozialistaren lan markoa. Honako hauek: egutegi ekosozialista bat eskaintzea, Nazioarteko IV. Topaketa Ekosozialistei begira harremanak egitea, Herri Eskola Ekosozialista bat sortzea eta "Euskal Herrian dauden ingurumenarekiko onartezinak eta sozialki justifikaezinak diren kapitalismoaren proiektu bortitzenen aurka" lan egiten duten agente sozialekin lankidetza bilatzea.
Herri Eskolaren lehen saioa
Herri Eskolaren lehen saio irekiak badu hitzordua zehaztuta: maiatzaren 9an Bolsa auzo etxean 19:00etan Euskal Herriko industriaren trantsizio ekosozialari buruz mintzatuko dira, besteak beste, Joserra Becerra (Equo, Elkarrekin Ahal Dugu), Ana Perez (Bilboko Emakumeen Asanblada) eta Zorion Ortigosa (LAB-Industria Federakundea). Eztabaidari jarraipena emango diote ekainaren 3an Santutxuko Karmela espazioan (10:00). Bigarren hitzordu horretan esperientziak partekatzeko tailerra egingo dute.
Jardunaldiak ere aurreikusi dituzte. Esaterako, maiatzaren 12an pentsio publikoei buruz mintzatuko dira.