Kanpaina honen bidez, auzoko merkataritzak eta ostalaritzak Bilboren proiekzio ekonomikoari egin dion ekarpena azpimarratu nahi du Udalak. Profesionaltasunak, hurbileko tratuak, produktuak eta zerbitzuak bereizteak areagotu egin ohi dute auzoko merkataritzaren balioa. Jarduera eta lana sortzen dute, auzoak batu eta egituratzen dituzte, harreman pertsonalak sustatzen dituzte eta ingurune atseginagoak eta erosoagoak sortzen laguntzen dute, paseatzeko eta aisialdia partekatzeko.
Auzoko merkataritza, kopurutan
Bilbon, merkataritzako eta ostalaritzako 10.074 jarduera ekonomiko egon dira 2016an, eta 24.184 pertsonak dihardu horietan lanean; beraz, funtsezkoa da Bilboren bizimodu ekonomiko, sozial eta humanoan. Txikizkako merkataritzako jarduerak uriko guztizkoaren %17,4 egiten du, eta Bizkaiko hiriburuko enpleguaren % 8,3.
Auzoetako merkataritzak Bilboko merkataritza eskaintzaren %48 egiten du eta horixe da gehienbat jendeak aukeratzen duena oinarrizko ondasunak eta zerbitzuak –elikagaiak eta farmaziako gaiak- eskuratzeko. Erosketak saltoki txikietan egiten dituzten pertsonek hurbiltasuna eta erosotasuna estimatzen dute.
Santutxu azpimarratuko genuke, saltoki eta ostalaritzako lokal gehien dituelako, 688. Ondoren, Ametzola, 288rekin eta ondoren, Errekaldeberri, merkataritzako eta ostalaritzako 250 saltokirekin.
Guztira, 'Hemen erosi, auzoa bizi' kanpainarekin, Udala hiriko auzoetako 3.824 lokaletara iritsiko da; horietatik 2.410 saltokiak dira eta 1.414 ostalaritzako establezimenduak.
Kanpainaren irudia eta leloa
'Hemen erosi, auzoa bizi' kanpaina kalera ateratzeko, 5.500 irudi egin dira kanpainarekin bat egiten duten establezimenduetako erakusleihoetan jartzeko. Irudi horretan tximeleta koloretsu bat ageri da, "metamorfosi" kontzeptuaren elementu bisual moduan, aldaketarako eta bilakaerarako gaitasunaren adierazle. Tokiko merkataritzaren metafora bisuala. Bizitzaren, kolorearen eta pozaren sinbolo ere bada tximeleta, onura horiek auzoko merkataritzaren eta ostalaritzarenak diren bezala.
Bestalde, 'Hemen erosi, auzoa bizi' leloak tokiko erosketen tximeleta-efektua adierazten du, hau da, ingurunea eraldatzeko eta auzoak bizitzaz betetzeko gaitasuna.
5.500 irudi horiek lokaletan eta establezimenduetan banatuko dira baina kanpaina Bilbobuseko linea batzuetan eta komunikabideetan ere egongo da, maiatzaren 20ra arte.
Bilboko Merkataritzako Plan Estrategikoa (2015-2019)
'Hemen erosi, auzoa bizi' Udalak sustatutako ekimena da eta Bilboko Merkataritzako Plan Estrategikoaren barruan dago. Udala, Eusko Jaurlaritza eta Bilbao Dendak Elkartea agiri horretan bat datoz uria erakargarriagoa egin behar dela, erosketen erreferentzia izan dadin, jarduera ekonomiko handiagoa eta enplegu gehiago sor dadin, establezimendu berriak zabalduz eta orain daudenak sendotuz. Horrela, bada, merkataritzako eskaintza modernoa, osoa eta kalitatekoa sustatu nahi da, ingurune erakargarri, irisgarri eta erosoan.