Nazioarteko errugbiaren erakustoki izango da Bilbo

uriola.eus 2017ko mai. 19a, 08:00

Universitario Bilbao Rugby Club taldeak antolatutako Rugby Bilbao Hiria nazioarteko lehiaketaren IV. edizioan kategoria guztietako 38 taldek parte hartuko dute bihar, maiatzak 20 (larunbata) eta etzi, hilak 21 (igandea) Errekaldeko kiroldegian.

38 taldek parte hartuko dute Errekaldeko udal kiroldegian asteburuan. Edizio honetan aniztasuna nagusituko da; izan ere, haur-kategoriako taldeez gain, emakumezko talde ugari eta, lehen aldiz, errugbi-talde inklusiboak egongo baitira.

Era berean, Bilboko taldeak ez ezik, Euskal Herriko beste herri batzuetako, Madrileko, Valladolideko, Soto del Realeko, Colmenar Viejoko, Santanderreko eta baita Frantzia eta Irlandako taldeak ere egongo dira. Partiduak goizez eta arratsaldez izango dira eta sarrera doakoa izango da.

Rugby Bilbo Hiria Sariaren III. edizioa

Horiek horrela, Universitario Bilbao Rugby Club taldeak ia 400 bazkide ditu. Talde honek Rugby Bilbao Hiria Sariaren bigarren edizioa aurkeztu zuen maiatzaren 11n. Errugbiaren balioak; hau da, talde-lana, errespetua, diziplina eta kiroltasuna bere bizitzan, ibilbide sozial eta profesionalean, islatzen dituen Bizkaiko pertsona, enpresa edo erakunde bat saritzea eta hori guztia agerian uztea da sari horren xedea.

Bigarren edizio honetan, azaldu zutenez, epaimahaiak Pilar Gradosi, Euskal Herriko Down Sindromearen eta bestelako Adimen Urritasunen Fundazioko presidenteari ematea erabaki du.

Saria emateko epaimahaia osatu dutenak hauexek izan dira: Gervasio de la Fuente Ibarluzea, Bizkaiko Rugby Federakundeko presidentea; Juan Carlos Erkoreka; Joanes Urkixo Beitia idazle eta gidoilaria; Isidro Elezgarai Esteban, Euskadiko Unicef erakundeko presidentea; Jesus Askorbebeitia, Bilbao Rugby Club taldearen Zuzendaritza Batzeko kidea; Jose Luis Gonzalez, iazko sariaren irabazlea; eta Oihane Agirregoitia, Bilboko Udalaren Gazteria eta Kirol Saileko zinegotzia eta Bilbao Kirolak erakundearen Administrazio Kontseiluko presidentea.

Jose Luis Gonzalezek, epaimahaiaren izenean, balioetan prestatzearekiko eta heztearekiko konpromisoagatik eta horiei emandako baldintzarik gabeko laguntzagatik Pilar Gradosi saria ematea erabaki dutela azaldu eta sarituak gizarteratzearen alde egindako lana azpimarratu zuen.

Pilar Grados, gizarteratzearen aldeko lanaren eredugarri

Etorkizunean gure gizartearen arduradunak izango diren gazteekin lan egiten du Universitario Bilbao Rugby Club taldeak eta bere ustez badu erantzukizuna gazte haien prestakuntzan. Izan ere, kirol honi lotu-lotuta agertzen dira zenbat balio, hala nola, elkartasuna, kideekiko eta arerioekiko errespetua, ahalegina eta talde-lana; balio horiek errugbiaren izaeraren zati direlako.

Errugbiari tradizioz lotuta egon diren eta nabarmendu behar diren balioei dagokienez, euren ibilbide pertsonal eta profesionalean eredugarriak diren pertsona asko daude Bilboko gizartean. Joko-zelaian eta joko-zelaitik kanpo, gure gizartean, garrantzitsuak dira errugbiaren balioak. Hori dela-eta, bigarren edizioko saria Pilar Grados Euskal Herriko Down Sindromearen eta bestelako Adimen Urritasunen Fundazioko presidenteari ematea erabaki dute.

Gazte-gaztetatik gizarte-mugimenduan inplikatuta egon da, bai gazteen jarduerak dinamizatzeko arloan, bai gizarte-bazterkeriaren arriskuan dauden familiei arreta emateko Caritasek ematen duen laguntzaren arloan. Pilar Grados 1992an graduatu zen Psikologian, Deustuko Unibertsitatean eta aldi hartan ume biren ama bihurtu zen. Nagusiak, orain 28 urtekoa denak, Down Sindromea du.

Maila pertsonalean, lanbide-ibilbidearekiko paraleloan, Pilar Gradosek modu aktiboan kolaboratu du Down Sindromearen Fundazioarekin honen sorreratik; lehendabizi, ama eta bazkide gisa eta duela 4 urtetik presidentea izanik. Urte hauetan beste familia batzuekin batera euren seme-alaben gizarteratzearen alde, euren eskubideen alde eta bizi-kalitatearen alde borroka egin du, baita familiei laguntza emateko ere.

Lanbide-ibilbidean hasiera-hasieratik gizarte, enplegu eta ezintasunen arloko esku-hartzean lan egin du eta azken urteotan gizarte-bazterkeriaren arriskuan dauden pertsonen gizarteratze-arloan eta mendekotasunen bat duten pertsonen arretaren arloan, Fundacion Integrando bezalako entitateetan bezala. Gaur egun horretan jarraitzen du gizarteratze eta laneratzeari begirako arlo soziosanitario eta teknikoaren arloko proiektuetarako aholkulari tekniko.

Universitario Bilbao Rugby Club

Bizkaiko errugbi-talderik zaharrena da eta Bilbao RC (1968) eta Universitario XV (1969) taldeak batuta sortu zen. Badu errugbi-eskola bat eta horretan 200 jokalari baino gehiago. Kategoria hauetakoak dira: benjamin-aurrekoak (8 urtetik beherakoak), benjaminak (10 urtetik beherakoak), alebinak (12 urtetik beherakoak) eta haur-kategoriakoak (14 urtetik beherakoak).

Universitario Bilbao Rugby Club taldeak, gainera, baditu kategoria federatu bi: haur kategoria (16 urtetik beherakoak) eta kadeteak (18 urtetik beherakoak). Horrez gain, baditu senior taldeak Ohorezko B mailan eta euskal errugbiaren bigarren mailan, baita beteranoen taldea ere.