Euskerazaleak Alkartearen 50. urteurrena ospatzeko ekimena antolatu dute

uriola.eus 2017ko mai. 15a, 08:00

Gaurko egunean Euskerazaleak Alkarteak bere 50. urteurrena ospatuko du Carlton hotelean. Lekua beren-beregi aukeratu dute elkartekideek. Izan ere, duela mende erdi bertan sinatu zen elkarteko sortze-agiria eta bertan batu ziren 200 bazkide Batzar Nagusian.  

Orain dela 50 urte, 1967an, sortu zen Euskerazaleak Alkartea Bilbon. Frankismoaren azkenengo aldian, Ley de Asociaciones delakoa onartu zen Fraga Iribarne ministro zela, eta horren gerizpean eratu zen lehenengotako elkartea euskararen aldekoa izan zen. 

Hogei bat lagunek sinatuta dago Euskerazaleak Alkartearen sortze-agiria, tartean direla Jesus Oleaga, Jose Antonio Montiano, Jesus Atxa, Jose Luis Bengoa Zubizarreta, Julita Berrojalbiz, Adrian Zelaia, Miguel Angel Astiz, Eusebio Erkiaga, Leopoldo Zugaza eta Juan Ramon Urkijo. Ibilbide profesional eta personal oso ezberdinetakoak, baina denak euskararen aldekoak eta eragin handikoak gizartearen arlo askotan.

Elkarteko kideak izan ziren gerora hainbat arlotan ezagunak izan ziren beste pertsona esanguratsu batzuk ere; kasurako, Jose Mari Makua, Mitxel Unzueta, Iñaki Zubiri, Martin Olazar…

Alkartea sortu zenean, ikastolen mugimendua lehenengo pausoak ematen hasita zegoen. Elkartearen lehenengo ekintza izan zan euskara irakaskuntzan sartzeko ahalegina. Horretarako hainbat sinadura batu eta Madrileko Gobernura eraman zituzten. Horrez gainera, ikastolei lege-aholkua, diru-laguntasuna eta irakasleak prestatzeko lana aurreratu zizkieten. 

Kili-Kili aldizkariak elkarte honetan izan zuen aterpea aldi baten, bai legearen aurrean bai azpiegiturako laguntasunerako ere. Beste hainbat argitalpen ere kaleratu ditu elkarteak, besteak beste, Bizkaiko zenbait idazleren lanak sarean argitaratu ditu. 

euskerazaleak.biz