Cabacas auziaren instrukzio fasea amaitzean, epaileak 2012ko apirilean gaztearen heriotza eragin zuen polizia operatiboa zuzendu zuen Ertzaintzako arduraduna, 'Ugarteko' ezizenez ezaguna, ez inputatzeko erabakia hartu zuen. Atzo hainbat hedabidek argitaratutako informazioaren arabera, 'Ugarteko'k Jone Goirizelaia abokatua, GARA eta NAIZ hedabideak eta Iñaki Iriondo eta Iñaki Soto kazetariak salatu ditu. "Ohore, irudi eta intimitatearen kontrako delitua" egozten die, bere izen-abizenak eta zenbaki profesionala zabaldu eta Iñigo Cabacasen heriotzarekin lotzeagatik.
'Ugarteko'k azaldutakoaren arabera, berarekin lotutako "informazioa eman, editatu eta zabaldu ondoren" bere osasunak okerrera egin zuen, galera emozionalak, afektiboak eta profesionalak sortuz. Aurretik eskatzen zituen 777.000 euroetatik 250.000era murriztu du kalte-ordainen eskaria, nahiz eta ez duen baztertzen kopuru hori igotzea, demandatuak kaleratutako informazio horietatik etekin ekonomikoak atera dituztela iritzita. Halaber, Iñigo Cabacasen hilketarekin lotzen duten albiste guztiak ezaba ditzaten eskatu die hedabideei.