Lokomotoren lekuan zer?

bertonaldizkaria 2017ko mai. 16a, 09:19

Tren geltokiaren eta trenbideen etorkizuneko erabilpenari buruz hausnartzeko, EHUko Parte Hartuz partaidetza masterreko kideen laguntzari esker, Lokomotorak taldea sortu dute Atxurin. Besteak beste, Atxurigorri elkartea, auzoko beste elkarte batzuk, Hika Ateneoko lagunak, Bilboko Konpartsetako konpartsakideak eta norbanakoak dira lantaldeko kide.

2018ko irailetik aurrera Atxuriko geltokira ez da trenik iritsiko, Atxurigorri elkarteak jakin ahal izan duenez. Orain arte bertan abiapuntua edo helmuga izan duten tren linea guztiak Zazpikaletako geltoki intermodal berrira bideratuko baitira. Auzoak etorkizunean izango duen “itzelezko aldaketaren aurrekari bat da” geltokiaren itxiera. Atxuriren “motore eta identitate seinu bat itzaliko da”. Kontrol gelak geltokian bertan jarraituko du “desmuntatzea oso korapilotsua delako”, Atxurigorriko Aiora Kintana elkartekidearen esanetan. 

Hortaz, erabilpenik gabe geratuko da eremu handia Atxuri auzoan, geltokiaren erakina eta trenbideak, hain zuzen ere. Baliteke, aurrerago, tranbiaren ibilbidea Atxuritik Boluetara luzatzea –proiektuak aurrera eginez gero– eta horretarako nasaren bat erabiltzea. Edozelan ere, atxuritarrek nahi eta behar duten lekuarekin zer egin pentsatzeari ekin diote auzotarren arreta deituz, “askok ez baitute izan geltokiaren itxieraren berri”. 

Auzo historiko honen beharrak eta nahiak “artikulatzeko” EHUko Parte Hartuz partaidetza masterreko kideen laguntza dute auzotarrek. Denen artean Lokomotorak taldea sortu dute. Geltokiak eta inguruko lurrek dituzten aukerak eta hiriguneko kokaleku estrategikoa ikusirik, “era kolektiboan proposamenak sortzea” helburu duena. “Pertsonen benetako beharrei erantzuteko, ez orain arte lur eta ondare publikoa zenari etekin ekonomikoa ateratzeko”. 

Nor edo nor etekin bila ibil daitekeen susmoa dute. Izan ere, bi fasetan eraiki zen geltokiak, batetik, sarrera du, 2013an 100 urte bete zituen eraikina eta babestuta dagoena”. Bestetik, atzeko zatia du, geltokiaren luzapena izan zena. Azken zati hori da “eraits daitekeena etxebizitza berriak eraikitzeko”. Itsasadarrari begira, ondo kokatutako gunean, espekulatzaileentzat “oso erakargarria” izan daitekeela uste du Atxurigorri elkarteak.

 

Mannequin challenge 

Lokomotorak lantaldeak, lehen ekintza moduan, jarduera publiko bat antolatu zuen apirilaren 7an Mugi zaitez geltoki berri batera: Atxuriko Lokomotorak lelopean. Geldi-geldi paratu ziren auzotarrak mannequin challenge erako bideo bat grabatzeko. Bideoarekin etorkizun hurbilean hutsik geldituko den geltokiko espazioari buruz hausnarketa sustatu nahi dute bizilagunen artean. Eta horixe egin zuten grabaketaren ostean, nork bere desioak idatzita utzi zituen postitak erabiliz eta horma proposamenez betez. 

Parte-hartze prozesua aurretik hasi zuten. Profil desberdineko auzotarrei galdezka aritu dira iritziak jasotzen. “Geltokian zer egitea gustatuko litzaieken” galdetu diete. Erantzunen artean denetarik dago. Auzotarrek identifikatutako beharrizanak oso desberdinak dira adinaren eta lanbidearen arabera. Askok aipatu dute, adibidez, kulturarekin zerikusia duen zentro bat nahi dutela. Beste batzuk ondoan dagoen Atxuriko eskolaren gabeziak izan dituzte gogoan, eta “auzoan ez dagoen liburutegi potente bat” eskatu dute. Izan dira bestelako proposamenak ere: umeentzako topagunea, gazteentzako ikasgunea, aparkalekua, kafetegia, ekintzaileentzako gunea, ortuak… Jakin badakite ideietako asko ez direla bideragarriak, baina garrantzitsuena “auzo moduan isilik ez gelditzea da”. 

Aiorak ere plazaratu du bere nahia. “Auzotar desberdinentzako bilgunea” izatea nahi du, baina ez kontsumora bideratua. “Ez dut nahi beste zentro komertzial bat”. 

Baina Aiora eta Atxurigorriko gainerako elkartekideek ez dute geltokira soilik mugatu nahi, auzo osoarentzat zein ondoan dituzten auzoentzat mesedegarri den “proiektu integra bat” garatu nahi dute, arazo zaharrei eta geltokiaren itxierak eragingo dituen arazo berriei konponbidea emateko. Espaloi estuak, argiztapen falta eta autoen abiadura bizkorra dira arazo zaharretako batzuk. Geltokia ixtean, arazo berriak arreikusi dituzte. Besteak beste, Atxuriko taberna eta saltokietan bezero kopurua murriztuko da eta Atxuriko kaleetan jende gutxiago ibiliko da. “Ez dugu auzoa basamortu bihurtzerik nahi”, dio Aiorak. Horregatik, hausnarketarako eremua geltokitik auzora zabaltzea dute xede. 

Momentuz, barneko lanean ari dira Lokomotorak taldeko lagunak, “astiro, datu bilketan”. Beste fase batean, aurrerago, erabakiko dute esku arteko dokumentazioa noiz eta nola aurkeztu. Udalarekin ez dira zuzenean bildu, baina atxuritarrek badakite Udalera iritsi dela abiatu duten prozesuaren berri. Izatez, eraikina ez da Udalarena, Eusko Jaurlaritzarena baizik. Eta erakundeek oraindik ez dute publiko egin geltokiaren eta trenbideen etorkizuneko erabilpenaren inguruko berri zehatzik. 

Lana aurerratuta dutenean, ondorioak jasota eta emaitzak landuta, orduan konpartituko dute erakundeekin. Atxuriko tren geltokiko etorkizuneko proiektua “ez delako gurea, denona izan daitekeelako”. 

Lokomotorak lantadearen hurrengo urratsa geltokian sartzea eta bisita gidatuak egitea izango da, dagoen espazioa aztertzeko eta izan dezakeen erabilpena bertatik bertara irudikatzeko.

 

 

lokomotorakatxuri@gmail.com

facebook.com/ATXURIGORRI