Egungo hezkuntza publikoaren "egoera larriari" buelta ematea dute xede hezkuntza publikoko irakasleek, Hezkuntza Bereziko Hezitzaileek, Haurreskolak Partzuergoko langileek, sukaldariek eta garbitzaileek. Izan ere, Gasteizko eta Iruñeko gobernuek "ezarritako murrizketek, hezkuntza inbertsio erabat eskasek eta inposaturiko hezkuntza erreforma basatiek guztiz kontrako norantzan" kokatu ditu Hezkuntzako langileak.
Sindikatuek ezinbestekotzat jotzen duten bederatzi puntuko eskaera zerrenda aurkeztu diete Gasteizeko eta Iruñeko gobernuei. Besteak beste, hezkuntza publikoko plantila handitzea, "EAEn gutxienez 2.000 langiletan eta Nafarroan 900 langiletan", %40ko kontratuen behin-behinekotasuna murriztea, gelako ikasle kopurua %10 txikitzea, Hezkuntzako langileen eroste ahalmena berreskuratzea, ordezkapenak lehen egunetik egitea, bajak bere osotasunean ordaintzea, "gaixotzen diren langileak zigortzeari utziz" eta erretiroa erraztea eta laguntzeko neurriak berreskuratzea, besteak beste.
Mobilizazioak eta babesa
Gaur eta maiatzaren 23an greba deialdiak egin dituzte ELA, LAB eta STEILAS sindikatuek ikastetxe publikoetan. CCOO sindikatuak ere bat egin du gaurko greba deialdiarekin. 250.000 ikaslerengan izan dezake eragina grebak.
Gaur, maiatzak 16, Lan baldintzak hobetu, hezkuntza eraiki lelopean, eguerdian irtengo da manifestazioa Jesusen Bihotzetik. Goizean zenbait ikastetxetan eta auzotan ere kontzentrazioak antolatu dituzte. Santutxun, esaterako, kontzentrazioa egingo dute 10:45ean Iturriaga eta Karmelo kaleen izkinan.
Ikasturte honetako hirugarren greba eguna maiatzaren 23an, hurrengo asteartean egingo dute unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoko langileek.
EHIGEk bat egiten du aldarrikapen hauekin, "azken urteetan salatzen ari garen beste batzuei gehitzen zaizkielako: azpiegiturak, material curricularrak, guraso elkarteen diru-laguntzak, eta abar." Hori dela-eta, ikastetxeetan antolatu diren konzentrazioetan eta hego Euskal Herriko hiriburuetan antolatu diren manifestazioetan parte hartzera animatu ditu familiak.
Aurreko greba deialdia, martxoaren 22koa, unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoko 18.000 langilek babestu zuten. Deituta zeuden beharginen %75ek. Eusko Jaurlaritzak, aldiz, jarraipena %46koa izan zela adierazi zuen. Grebaren zabalpena ezkutatzeko datuen "manipulazio lotsagarria" egitea egotzi zioten sindikatuek Jaurlaritzari.
[2017-03-22] "Lan baldintzak hobetzeko eta hezkuntza eraikitzeko" greba eguna dute Hezkuntzan