Kuba eta Euskal Herriko inprobisatzaile bana V. Munduko Ahozko Inprobisazio Topaketan

Erabiltzailearen aurpegia Hika Ateneoa 2017ko aza. 10a, 07:00

Alexix Diaz Pimienta repentista kubatarra eta Oihana Bartra bertsolaria batuko ditu gaur iluntzean Hika Ateneoan Munduko Ahozko Inprobisazio Topaketak.

Munduan zehar hainbat herri eta kulturek eutsi diote ahozko bat-bateko tradizioari, inprobisazioari, alegia. Bertsolaritza dugu Euskal Herrian adibide argia. Kuban repentistak izan dira ahozko tradizio horren eusle eta jarraitzaile. 

Alexix Diaz Pimienta (La Habana, 1966) repentista, irakaslea eta ikerlaria da. Egun repentismoaren inguruan dagoen aditu handienetakoa. Euskal Herrian egona da Alexix. Ondo ezagutzen ditu bertsolariak. Hainbatetan jardun da bertsolariekin saioa konpartitzen, itzultzaile baten laguntzarekin.

Gaurko Hika Ateneoko hitzorduan ere horrela izango da, Oihana Pascual arituko da itzultzaile lanetan. 

Oihana Bartra (Bilbo, 1984) bertsolari bilbotar ezaguna izango du inprobisaziorako bikote Alexix Diaz Pimientak V. Munduko Ahozko Inprobisazio Topaketan.

Hika Ateneoa, Lanku eta Euskadi Cuba elkartearen artean antolatutako jaialdia da, Bilboko Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin. 21:00etan hasiko da saioa.