Athletic

Athleticek datorren astelehenean hasiera emango dio denboraldiari

uriola.eus 2018ko uzt. 5a, 13:31
Athletic Clubaren argazkia

Gaur entrenamenduetarako arropa aurkeztu dute eta kirol- eta osasun-azterketak betetzen hasi dira.

Uztailaren 9ean, astelehenean, Athletic Clubeko lehen taldeko jokalariak denboraldia hasiko dute beraien lehen entrenamenduekin. Horretarako, azterketa medikoak hasi dira egiten Zorrotzaurren, IMQ-ren Kirol Medikuntzaren Unitatean.

Kepa Arrizabalaga kenduta, oraindik oporretan baitago, 33 jokalarik kirol- eta osasun-azterketak beteko dituzte Lekue eta Angulo sendagileen begiradapean. Azterketetan odol laginak hartuko dira eta, ostean, balorazio zineantropometrikoa, atsedeneko balorazioa eta ekokardiografia, esfortsu-proba, balorazio isozinetikoa eta oinkadaren azterketa egingo zaizkie IMQren instalazioetan.

Horrez gain, entrenamendu-arropa zein izango den aurkeztu dute. Gaurtik aurrera eskuragarri dago Athletic Clubeko denda ofizialetan 2018/19 denboraldian erabiliko den entrenamendu-arropa. Hauek mugimendua errazteko janzkerak dira, eta NB DRY teknologiaren eskutik landu dira. Entrenamendu-arropa gama osoa ikus daiteke online dendan bertan, kamisetak, jakak, poloak, kirol-jertseak, prakak eta paseoko arropa aurki daitezke.