'La Vuelta' bilboko kaleetara itzuliko da asteazkenean

uriola.eus 2018ko ira. 10a, 13:27

Getxon abiatu eta Oiz mendian amaituko den Itzuliko 17. etapak aldaketak eta etenaldiak eragingo ditu zirkulazioan, 12:45etik 15:15era bitartean, gutxi gorabehera. Lasterketa birritan igaroko da Bizkaiko hiriburutik eta batez ere Bilboko sarrera-irteeretan eta Deustu, Abando, Basurtu-Zorrotza eta Uribarri barrutietan izango du eragina.

Datorren irailaren 12an La Vuelta txirrindulari itzuliaren 17. etapa Bilbotik igaroko da. 166,4 kilometroko etapa Getxon abiatu eta Oiz mendian amaituko da. Tropela birritan pasatuko da Bizkaiko hiriburutik, lehenengoa, lasterketa neutralizatuta dagoela, eta ondorioz, etenaldiak eta aldaketak egingo dira zirkulazioan eta aparkalekuetan, 12:45etik 15:15era bitartean, gutxi gorabehera.

Endredorik handienak Deustu, Abando, Basurtu-Zorrotza, Begoña eta Uribarri barrutietan eragingo ditu; hain zuzen ere, itxita egongo dira A-8ko San Mameseko sarrera-irteerak, Artxanda-Salbe eta Karmelo Bernaola tunelak, Euskaldunako noranzkoan, eta Ibarsusi-Egirleta errepidea, Egirleta gainerako noranzkoan. Horien ordez, A-8 autopista erabiltzeko, Juan de Garay kaleko sarbidea edota Mirafloreseko bidezubia hartzea eta garraio publikoa, batez ere metroa eta trena, erabiltzea gomendatzen da.

Txirrindulariak, gutxi gorabehera, 12:45 eta 13:45 bitartean igaroko dira lehen aldiz eta kale hauetan izango du eragina:

  • Elorrieta Erribera – Zarandoa etorbidea – Morgan – Olaeta Baletak – Euskaldunako biribilgunea – Euskalduna zubia – Jesusen Bihotza plaza – Sabino Arana etorbidea – Juan Antonio Zunzunegui etorbidea – Gurtubay – Montevideo etorbidea – Fray Juan.

Bigarren aldiz, ordea, 13:45 eta 15:15 bitartean, gutxi gorabehera, igaroko da lasterketa eta kale hauetan izango du eragina:

  • Fray Juan – Montevideo etorbidea – Gurtubay – Sabino Arana etorb.– Jesusen Bihotza plaza – Kale Nagusia (tarteko helmuga) – Moyua plaza- Recalde zumarkalea – Salbeko zubia – Maurice Ravel etorbidea – Zumalacarregui etorbidea – Juan XXIII plaza – Zabalbide – Bi -631

Kaleok zirkulaziorako itxita daudenean, horietako bidegurutze eta zeharkale guztiak ere zarratuta egongo dira.

Aldarrikatzeko eguna

Erabakitzeko eskubidearen aldarria errepideetara ateratzeko deia egin du asteburu honetan Gure Esku Dagok. Horretarako, biharko etapa bukatuko den lekuan, Oiz mendiaren puntan alegia, Gure Esku Dagok pankarta eta argazki erraldoiak atera zituen. Itzulia Euskal Herritik zehar ibiliko denez, erabakitzeko eskubidearen aldarria errepideetara ateratzeko deia egin dute.

Horrez gain, gaur goizean egindako prentsaurrekoan, EH Bilduk etapa hau egiteak izan duen kostua zenbatekoa den jakin nahi duela adierazi du, eta, horretatik, Gobernuari horri buruz galdetuko diotela argitu dute.