Euskadiko Mugiment Kirol Txartelarekin bat egin du Bilbok

uriola.eus 2021ko api. 7a, 11:28

Eusko Jaurlaritzaren Mugiment Kirol Txartel birtualaren aplikazioa martxan jarri dute Bilbon, kirola sustatzeko helburuarekin, herritarrei hainbat kirol-gunetarako sarbidea errazteko eta ikastaro eta modalitateen eskaintza handitzeko.

Txartel birtualaren bidez Bilbao Kirolak-en abonatuta daudenek programari atxikitako EAEko beste 46 udalerrietako kirol-instalazioak erabil ditzakete: Santurtzi, Portugalete, Ortuella, Trapagaran, Zierbena, Abanto-Zierbena, Sestao, Barakaldo, Muskiz, Aretxabaleta, Arrasate, Bergara, Eskoriatza, Oñati, Amurrio, Laudio, Ugao-Miraballes, Bakio, Arrigorriaga, Basauri, Etxebarri, Bermeo, Erandio, Gernika, Lemoa, Sopela, Durango, Berriz, Elorrio, Sondika, Zamudio, Lekeitio, Mungia, Markina-Xemein, Mundaka, Ermua, Eibar, Soraluze, Elgoibar, Mutriku, Mendaro, Deba, Zumaia, Zestoa, Getaria eta Zornotza.

Era berean, herri horietako abonatuek Bilbao Kirolak-en 11 udal kiroldegietan eskaintzen diren ikastaroak eta zerbitzuak erabili ahal izango dituzte. Ekimenari atxikitako herri bakoitzak bere zerbitzu eta ordutegi eskaintza ezarri du txartela dutenentzat.

Honen bidez, ohitura osasuntsuak zabaldu nahi dituzte biztanleen artean, ariketa fisikoa sustatuz, hainbat kirol-gunetarako sarbidea erraztuz eta kirol-eskaintza handituz, pertsonen bizilekuko udalerriko baliabideetatik haratago.