Hitzarmen duin bat eskatzeko eserialdia egin du Gora Garbitzaileak kolektiboak

uriola.eus 2022ko eka. 1a, 11:54

CEBEKen aurrean eseri eta kateatu dira patronalaren egoitza blokeatzeko asmoz. Bizkaiko garbiketako hitzarmenaren blokeoa salatu dute. Hitzarmen duin bat lortu arte borrokan jarraituko dutela adierazi du kolektiboak.

Kaleetara bueltatu da Gora Garbitzaileak kolektiboa. Bizkaiko garbiketako hitzarmenaren blokeoa salatzeko CEBEK patronalaren aurrean eseri eta hura blokeatu dute ordu batez. "Hitzarmena blokeatuta, patronala blokeatuta" jartzen zuen pankarta bat jarri dute eserialdiaren erdian, hitzarmen duin bat lortzen ez duten arte patronala blokeatuko dutela adierazteko.

Sei greba egun egin ditu kolektiboak, martxoan LAB eta ESKren babesarekin sortu zenetik eta horretan jarraituko dutela adierazi dute: "Oraindik ere dena daukagu irabazteko eta prest gaude haiek seinalatzeko eta duintasun osoz dagokigunagatik borrokatzeko, izan okupazio, eserialdi zein mozketen bitartez". Gaur bertan, Ertzaintza katealdia moztera hurbildu den arren, protestan jarraitu dute eta ordu baten ondoren borondate propioz amaitu dute elkarretaratzea kolektiboak adierazi duen moduan: "Guk nahi dugulako joaten gara". 

Gaur bezalako ekintzak ez ditu geldituko kolektiboak eta hitzarmen duina blokeatzen dutenek garbitzaileak aurrean izaten jarraituko dituztela argi utzi dute: "Ezkutatuta nahi gaituzte baina gu borrokaren lehen lerroan kokatu gara jada eta hor egoten jarraituko dugu". Kaleak hartu dituzte garbitzaileak eta azaldu duten moduan horrek "ez du atzera bueltarik".