Auzotarrak bizi ahal izateko moduko auzoa berreskuratu nahi dute

Maite Txintxurreta Agirregabiria 2022ko eka. 17a, 10:09

SOS Alde Zaharra plataformak eta Bihotzean Auzo Elkarteak deituta, Zazpi Kaleetako hainbat bizilagun batu ziren atzo arratsaldean inguru horretan gero eta nabariagoa den turistifikazioak dituen eraginak salatzeko. Bertan bizi direnen beharrizanak asetzera baino, auzoa kapital pribatuaren onurarako diseinatuta dagoela adierazi dute, eta instituzioen erantzukizuna azpimarratu.

“Duela urte asko hasi ginen entzuten gure auzoa Europako zentro komertzial ireki handiena bihurtu nahi zutela. Norabide horretan, asko izan dira azken 10 urteetan zabaldu diren frankizia, multinazional eta souvenir dendak”, adierazi dute auzokideen bozeramaleek agerraldian. Gogorarazi dute, gainera, horren ondorioz betiko negozio txiki askok, alokairuaren prezioari aurre egin ezinik, itxi egin behar izan dutela. Horren adibide esanguratsuenetako bat da joan den urtearen amaieran Posta eta Victor kaleen arteko izkinan zegoen Rafael Matias oihal denda ezagunarena, 60 urtetik gora bertan egon ostean pertsiana jaitsi baitzuen. SOS Alde Zaharra taldekoek eta Bihotzean Auzo Elkartekoek, hain zuzen, kontaketa bat egin dute azken hilabetean, eta 202 lokal huts zenbatu dituzte.

Alokairuak garestitzearen arazoak, baina, ez dio merkataritzari soilik eragiten; izan ere, auzokideek salatu dute geroz eta nekezagoa dela familiek zein gazteek ordain ditzaketen etxebizitzak aurkitzea Zazpi Kaleetan. Horretan zeresan handia omen dauka turismoak, etxeen jabeek maiz nahiago izaten dutelako beren pisuak plataformen bidez turistei alokatu, irabazi ekonomiko handiagoa eskuratzeko asmoz: “Gure auzoan eskuragarri dauden oheen %25 turismora bideratuta daude”. Nabarmentzekoa da bost minutu pasatxo iraun zuen atzoko agerraldian bi talde igaro zirela Santiago Plazatik tour turistikoa egiten.

Espazio publikoa, mugatuta

Aipatutako guztiaz gain, espazio publikoaren afera ere izan zuten ahotan bozeramaleek, eta auzoa kontsumora bideratuta dagoela azpimarratu zuten. Horren adibide gisa, eserleku publikoen eta terraza pribatuen kopuruaren arteko alderaketa egin zuten: “50 banku publikotan esertzeko aukera daukagu udaletxearen arabera; hau ez da ezer ostalaritzak eskaintzen dituen 624 terraza-mahaiekin alderatuta”.

Horrez gain, Bilboko Udalak enpresa multinazionalei “alfonbra gorria” jartzen diela uste dute, “Erriberako merkatuan edo Areatzan askotan ikusi dugun moduan”.

Txanponaren beste aldean, auzotarrek antolatutako ekimenetarako trabak baino jartzen ez dituztela azaldu dute. Auzoko Jai Batzordeko kideen azalpenen arabera, hainbat tira-bira izan zituzten udalarekin aurtengo Zaharrean Berri jaietako ekintzak aurrera eramateko baimenak lortzeko. Esaterako, hasieran neurrigabeko baldintzak ezarri zizkieten hitzorduak (auzo bazkaria, esaterako)  Santiago plazan programatzeko (karpa bereziak jarri beharra, eta abar), eta Erriberako merkatuaren aldamenera bideratu nahi izan zituzten. Hala ere, jaiak auzoaren bihotzean egin nahi zituztenez, negoziaketa askoren ostean lortu omen zuten baimena. Arroz lehiaketa ere bertan egin nahi zuten, baina azkenean ez zuten baimenik eskuratu eta Plaza Barrira lekualdatu behar izan zuten.

Auzoa defendatzen jarraitzeko asmoa

Horren guztiaren aurrean, agerraldian berretsi dute “auzotarrentzako bizigarria izango den Alde Zaharrean” sinesten dutela, “posible izan dadin auzoko bizitza osasungarri eta komunitarioa aurrera eramatea”. Bada, antolatzen eta borrokatzen segiko dutela adierazi dute, eta hala egiteko prest dagoen orori dei egin diete beraiengana gerturatzeko.

Hala, datorren asteazkenean, ekainak 22, lan eguna ezarri dute, udako kanpainari begira “kaleak mezuz hustu ez daitezen eta datorren turisten saturazioari erantzun kolektibo bat emateko”.